Pandemiaz gerozko joerari eutsi dio aurtengo denboraldiak ere. Larunbata eguerditarako izan dira eskari gehienak eta baita ostiral eguerdirako ere. Igande eguerditan irekita dauden sagardotegiek ere mugimendu handia izan dutela nabarmendu du sektoreak. Bestalde, lan egunetan, eskaeren joera beheranzkoa dela antzeman dute.
Adin tartea txotx denboraldian
Hedabideen aurreko agerraldian, hainbat datu eman zituen sagardogileen ordezkari Mitxelenak: “Adin tarteari dagokionean 40-60 urte bitarteko jendea ibili da, batik bat, gure sagardotegitan; nahiz eta nabarmentzekoa izan den 18-35 urte bitarteko bezeroen igoera izan dela larunbata iluntzeetan. Astegunetan sagardoa dastatzeko irrikan elkartzen diren sagardozaleek ere garrantzia berezia dute gurean, joera honek behera egin badu ere. Aurten mantendu egin da erreserben joera menuari eta txotxari dagokionean”.
Online erreserba, gorantz
Erreserben kudeaketari dagokionean, geroz eta bezero gehiagok baliatzen dute online erreserba egiteko aukera eta geroz eta sagardotegi gehiago dira aukera hau euren webguneetan txertatu dutenak. Ondorioz, % 37 igo da mahaiaren erreserba egiteko internet bidezko eskaria, besteak beste sagardotegi gehiagok aukera eskaini dutelako.
Bisitaldi-gidatuak sagardotegira
Sagardogileek beren etxeko ateak zabaldu nahi izan dituzte Sagardoaren Turismo Plana garatuta: sagarra eta sagardoa jarri dira erdigunean berriro ere. Bi hauek baitira sagardogintzari izaera eman dioten oinarrizko osagaiak. Hori dela eta, bisita sagastian hasten da.
Egun, 12 dira bisita gidatuak eskaintzen dituzten sagardotegiak: Aburuza (Aduna), Gaztañaga (Andoain), Altzueta (Hernani), Astarbe (Astigarraga), Bereziartua (Astigarraga), Iparragirre (Hernani), Lizeaga (Donostia), Mizpiradi (Andoain), Oiharte (Zerain), Ola (Irun), Petritegi (Astigarraga) eta Saizar (Usurbil).