Euskara sustatzeko plana, Adunan

Ainhoa Gil 2025eko azaroaren 7a

Euskararen erabilera sustatzeko plana lantzen ari dira Adunan.

Azaroaren 18an euskararen erabileraren inguruko galdetegia zabalduko dute herritarren artean. Horixe izango da euskara sustatzeko plangintza berria martxan jartzeko abiapuntua. UEMAren eskutik egingo da lanketa

Adunako Udala UEMAn sartuta dago eta harekin batera garatzen ditu euskararen plan estrategikoak. Kristina Rodriguez alkateak azaldu duenez, "2021 urte arteko plan estrategikoan euskararen erabilerak gora egin zuen. Hortik aurrera, ordea, kaleko erabilera jaisten ari zela antzematen hasi ginen. Herri euskalduna da gurea, baina plazan, kalean, eskola inguruan... gaztelera gehiago entzuten hasi ginen".

Kanpaina

UEMArekin lantzen ari ziren plan estrategiko berria abian jarri aurretik, kanpainatxo bat egitea erabaki dute Adunan. "Lehenengo pauso bezala, inkestatxo bat zabalduko dugu herrian. Datuak jasotzeko aukera emango digu horrek. Etxez etxe banatuko dugu galdetegia, azaroaren 18an. Paperean bete nahi duenak, liburutegian eta udaletxean jarriko diren kutxetan utzi ahal izango du. Online ere bete ahal izango da".

Galdetegia

Kultur hamabostaldiko hainbat ekitalditan ere mahaitxoa jarriko dute, galdetegia bete ahal izateko. 12 urtetik gorako adunar guztiek izango dute horretarako aukera. "Ahalik eta parte hartzerik zabalena izatea nahi genuke eta horretan ahaleginduko gara. Inkesta bete ahal izateko aukera ezberdinak eskainiko ditugu. Izan ere, zenbat eta herritar gehiagok bete, orduan eta errealagoak izango dira bilduko ditugun datuak". Erabat anonimoa izango da galdetegia. 

Saio irekia

Azaroaren 19an saio irekia egingo dute 'Euskara munduan, zugandik hurbil' izenburupean. "Gonbidapen irekia egingo da eta ahoz ere zabalduko dugu, euskararen erabilera pixka bat sustatzeko ahalegina egiteko. Saiakera berezia egingo dugu euskaraz hain ongi moldatzen ez diren, baina sentsibilitatea baduten familietako gurasoak gerturatu daitezen. Euren haurrekin gaia nola landu dezaketen azalduko zaie, besteak beste. Zaintza zerbitzua martxan jarriko dugu egun horretan, gurasoek lasai bertaratzeko aukera izan dezaten".

Abenduak 3

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta egunak izango du bere islada Adunan ere, noski. Besteak beste, egun hori izango da inkestak betetzeko azken eguna. "Aurrerago, abenduaren 17an zabalduko ditugu inkestatik eratorritako datuak eta aita plan estrategiko berria ere. Kultur Aretoan egingo dugu ekitaldia".

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 680 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!