Azaroan sartuta, iristear da Adunako Kultur hamabostaldia ere. Hain zuzen, azaroaren 15ean, kirol ekitaldi batek emango dio hasiera egitarauari. Adunako Mendi Duatloia dagoeneko VII. edizioa betetzera doa eta, Euskal Herriko Zirkuituan sartuta dago. Arratsaldeko 15:00etan emango diote hasiera duatloiari. Korrikako lehen sektorean 3,66 kilometroko bidea egingo dute kirolariek; mendiko bizikleta hartuta, 14,5 kilometro egin beharko dituzte Belkoaingo parajeetan barrena, eta amaitzeko 1,83 kilometroko ibilbidea izango dute, korrika berriz ere.
Hamabostaldia
Azaroaren 18an, asteartez, ekingo diote gainerako egitarauari, 'Aduna eta euskara' galdetegia etxez etxe zabalduz. Liburutegian eta udaletxean kutxa bana jarriko dute galdetegi hori bete ondoren bertan utzi ahal izateko, eta online betetzeko aukera ere eskainiko dute. 12 urtez gorako adunar guztiei zuzendutako galdetegia da eta, abenduaren 3ra arteko epea izango da betetzeko. Abenduan bertan jakinaraziko dituzte bildutako datuak.
Palestina
Azaroaren 20an, ostegunarekin, Palestinako egoera hobeto eta gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute adunarrek. Izan ere, Thamer Birawi ekintzaile palestinarrak 'Palestina: eta orain zer?' hitzaldia eskainiko baitu Kultur Aretoan. Eta ostiralean ere Palestina izango da protagonista; Gazako musikari gazteek emanalditxoa eta solasaldia eskainiko dute Zimiterioan. Herrialdeko kultura gertutik ezagutzeko aukera eskainiko dute gazteek.
Asteburua
Iaz arrakastaz martxan jarritako Argazki Rally lehiaketa errepikatuko dute aurten. Larunbatean egingo dute, 10:30etan hasita, Adunako plazan.
Igandean, azaroak 23, Adunako mugarrietan barrena ibilaldia egiteko aukera eskainiko dute. Jabier Zabalak gidatuko du ekimena. 09:00etan abiatuko dira plazatik, eta 12:30ak aldera itzultzea aurreikusten dute.
Azaroaren 25an, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko eguna, ekitaldi ezberdinak antolatuko dituzte Adunan. Besteak beste, ohiko herri elkarretaratzea egiteko asmoa azaldu dute.
Kirolarien solasaldia
Azaroaren 28an, ostiralarekin, Adunako kirolari gazteak izango dira protagonistak izan ere, solasaldia eskainiko baitute Kultur Aretoan. Asteburuarekin jarraituz, 'Basoa' txotxongilo emanaldia eskainiko du Firulete taldeak eta ondoren, ohiko talo afaria eta barrikotea izango dira pilotalekuan. Ataungo talogileak gerturatuko dira bertara. Arrakasta handiz ospatu ohi da ekitaldia urtero.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 680 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.