Gorostidi Harria, maiatzaren 17an

Ainhoa Gil 2026ko maiatzaren 11

Iñaki Gorostidiren omenezko ekitaldi berezia egin zuten 2025eko maiatzaren 18an

Iñaki Gorostidi zenari omenaldia egin zioten iazko maiatzean. Aurten, ohiko formatuarekin itzuliko da Gorostidi Harria txapelketa. Bost harriri bina altxaldi eman beharko dizkiote kirolariek, ahalik eta denborarik laburrenean. Emakumeen parte-hartzea izango da berrikuntza nagusia.

Maiatzaren 17an ospatuko da aurtengo Gorostidi Harria Txapelketa. Harrijasotzaile askoren parte-hartzea izango du aurtengo edizioak. Sei gizonezko arituko dira norgehiagokan eta, aurten lehen aldiz, emakumeek ere parte hartuko dute txapelketan. Guztira zortzi emakumek eman dute Gorostidi Harria Txapelketan parte hartzeko izena.

Emakumeen parte-hartzea

Aldaketa nagusiena emakumeen parte-hartzea izango da. Muxkil taldeak antolatu ohi du Gorostidi Harria, Udalaren laguntzarekin eta hainbat babesleren bultzadarekin. Iñaki Aristeta Muxkil taldeko kide da: "Iñaki zenak hartu ohi zuen txapelketa antolatzeko ardura. Bere izena zeraman, eta hark ematen zion forma. Orain Iñaki ez dago, eta, bere etxekoekin adostuta, aldaketa nagusi bat egitea erabaki dugu; emakumeek ere parte hartzea. Adunako Udalak eta txapelketaren gainerako babesleek begi onez ikusi dute emakumeen parte-hartzea. Harrijasotzaileek ere harrera ederra egin diote aldaketari. Guztira zortzi emakume arituko dira aurtengo txapelketan".

Gorostidi Harria txapelketak berezitasun asko ditu eta haien artean garrantzitsuenetakoa da harrijasotzaileek ezin dutela kolarik erabili. "Horretara ohituta daude gaur egun, bereziki bola altxatzeko garaian. Txapelketa honetan ezin dute kolarik erabili, eta horrek zailtasun erantsia ekartzen dio".

Harri berriak

Gizonezkoek bezala, emakumeek ere bost harri izango dituzte arerio. "Haientzako harriak prestatu ditugu. 100 kiloko harri zilindrikoa Iñaki Gorostidiren etxekoa da eta huraxe erabiliko dugu. Txapelketarako apropos egindako hiru harri berri ere izango dira. 75 kiloko kubikoa, 90 kiloko errektangularra eta 62,5 kiloko bola berri-berriak egin ditugu. Joxe Antonio Gisasolak egin dizkigu, Mallabian, eta horiek Muxkil elkarteak jasoko ditu Apakintzan, datozen edizioetarako. Harri baldarra berriz Pagoaga errekatik ekarri dugu. Atxulondo ingurutik beste harri bat ere atera genuen, baina txiki xamarra zen eta azkenean, Pagoaga errekatik ateratako harria aukeratu dugu. 69,5 kilo pisatzen ditu". 

Pagoagatik

Herriko gazte kuadrilla bat jarri dute errekako harria herrira ekartzeko lanetan. "Saio ederra egin zuten harria errekatik ateratzeko. Harri egokia dela iruditzen zaigu eta, etorkizunerako gordeta geratuko da hori ere. Duela hilabete inguru atera zuten harria errekatik eta baliteke pisu pixkat bat aldatu izana, hezetasuna galtzearen ondorioz. Txapelketaren aurretik berriz ere pisatuko dugu", azaldu du Iñaki Aristetak. 

Gazteen lana

Muxkil elkarteak antolatzen du Gorostidi Harria, baina eragile gehiago ere elkartzen da lanerako: "Udaletik Xabier Tejeria aritzen da antolaketa lanetan eta Aitor Iparragirre ere bai.  Muxkil taldean, pixkanaka gazteak ere martxan jartzen ari gara. Momentuz gurea da antolaketaren ardura baina etorkizunean, atzetik datozen gazteek hartu beharko digute erreleboa. Momentuz, eskatzen diegun guztietan laguntzeko prest egoten dira. Aurten harri baldarra errekatik ateratzeko ardura eman diegu eta eskertuta gaude egin duten lanagatik. Etorkizunerako hor geratuko da harri hori; txapelketarako, edo probatu nahi duenarentzat". 

Apakintzatik, pilotalekura

Ohi bezala, gizonezkoek ere bost harri izango dituzte aurrez aurre: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindroa, 155 kiloko errektangularra, 139 kiloko harri baldarra eta 100 kiloko bola. Bina altxaldi eman beharko dizkiote harri bakoitzari, ahalik eta denborarik laburrenean. "Iñakik etxekoei esan zien bere harriak Apakintzan geratzea nahi zuela, eta handik ateratzekotan, Muxkil elkarteak soilik zuela baimena, Gorostidi Harria antolatzeko. Bazekien guk harriak zaindu egingo ditugula, ez ditugula edonola erabiliko, eta txapelketa amaitzean bere tokira txukun itzuliko ditugula". Antolaketa lanetan etxekoen laguntza ere izan dute Muxkil taldekoek. 

Doako sarrera

Adunako pilotalekua jendez betetzen da egun horretan, harrijasotzaileen jardunarekin gozatzeko. "Txapelketa martxan jarri zenean, sarrerarik ez kobratzea erabaki genuen. Adunako Udalak laguntza ematen digu eta babesle sareak ere hala egiteko aukera ematen digu eta oso eskertuta gaude. Egun horretan jendetza gerturatzen da eta pilotalekua bete egiten zaigu. Herri-kirolak bultzateko modu polita dela iruditzen zaigu. Familiak gerturatzen dira txapelketa ikustera eta hori ere aberasgarria da; gaztetxoei herri-kirolak ikusteko eta gozatzeko aukera eskaintzen die eta hor dago etorkizuna. Oso giro polita sortzen da Gorostidi Harrian". 

Protagonistak

Punta-puntako harrijasotzaileen jardunaz gozatzeko aukera eskainiko du Adunako Gorostidi Harria Txapelketak. Gizonezkoen artean, Gari Garmendia, Mikel Lopetegi 'Urra', Jon Unanue 'Goenatxo', Jon Marijuan, Sergio Mielgo eta Eneko Bilbao daude izena emanda. "Kartelean ageri ez bada ere, Xabier Aranburu 'Guzta' ere arituko da maiatzaren 17an".

Emakumeen artean ere izen handiak ageri dira: Maddi Gesalaga, Estefi Etxebeste, Olaia Esnaola, Udane Ostolaza, Eider Gartzia, Sara Jimenez de Aberasturi, Ane Atxulegi eta Leire Olea arituko dira pilotalekuan. Ikuskizuna, beraz, bermatuta dago.

 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 692 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!