Nolako esperientzia izaten ari da Txantxanerena?
Espero bezala joan da dena. Ni nire saltsan ibili naiz, ostalaritza asko gustatzen zait, eta oso gustura nago. Etorkizunari begira, beste urte batzuk lan honetan aritzea gustatuko litzaidake.
Urtebeteko esperientzian zein izan da zure une gogokoena? Eta zailena?
Jendearen erantzuna izan da gauzarik onena. Oso esker onekoak izan dira, bai herrikoek, bai ingurukoek, asko eskertu digute proiektua aurrera eraman izana. Herrikoek Adunari bizitza eman diogula azpimarratzen dute, eta herrikoak ez direnek ere, oso gustura datozela azpimarratu digute. Bestalde, ez dakit alde negatiborik dagoen. Egia da, tabernak lana eskatzen duela, baina gustura egiten dut, beraz, honetan jarraitu nahi dut.
Gosariak famatuak egin dira, zein da sekretua?
Ez ditugu gauza asko eskaintzen, baina eskaintzen dugun hori, txukun egindakoa eta kalitatezkoa da, eta jendeak aintzat hartzen du hori.
Zuen negozioaren gakoetako bat bisitariak dira, ze bisitari dituzue?
Ez nuen asko espero, baina hiri handietako jende ugari etortzen da; Donostia ingurukoak, adibidez. Horietako asko umeekin eguna pasatzera edo asteburua igarotzera etortzen dira. Horiez gain, sagardotegietara bazkaltzera joaten direnak ere hurbiltzen dira, eta mendian ibiltzen diren asko ere gerturatzen dira gurera.
Hurrengo urteetan Txantxanen jarraitzeko asmoa al duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Urtebete egin dugu, eta anaia eta biok oso gustura gaude. Oraingoz, jarraitzeko asmoa dugu.
Zer alde on eta txar ditu herri berean bizi eta lan egiteak?
Ez dut uste alde txarrik duenik. Egia da, Adunan “tabernakoa” naizela, herritarrek “tabernakoa” bezala ezagutzen naute. Zerbait esan beharko banu hori aipatuko nuke. Alde onak, berriz, asko dira. Batez ere, bertatik bertara egiten dudala dena. Edozer gauza behar dudanean, etxea eta lana hemen ditut. Lanera joateko ez dut gidatu behar, ohetik jaiki eta lanean nago segituan. Hori luxua da.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 692 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-denda.