Bost emakume eta sei gizonezko lehiatu dira gaurkoan.
100 kiloko harri zilindrikoa, 75 kiloko kubikoa, 90 kiloko errektangularra, 62,5 kiloko bola eta 69,5 kiloko harri baldarra izan dituzte arerio emakumeek. Bina altxaldi eman behar zizkioten, ahalik eta denborarik laburrenean eta hamar minutuko mugarekin. Eider Gartzia, Udane Ostolaza, Olaia Esnaola, Estefi Etxebeste eta Maddi Gesalaga aritu dira nor baino nor.
Gesalaga eta Etxebesteren arteko lehia oso estua izan da eta azkenik, 17 urteko Gesalaga gaztea gailendu da, bi segunduko alde txikiarekin.
Gizonezkoen artean Mikel Lopetegi Urra izan da garaile, 2'27'' ko denbora eginda. 31 segundu gehiago behar izan ditu Gari Garmendia gazteak. Jon Unanue Goenatxo (4'15"), Xabier Aranburu Guzta (4'37"), Sergio Mielgo (7'16") eta Eneko Bilbaok osatu dute seikotea. Azken honek ez du lanak amaitzea lortu.
Gizonezkoen mailan ere 5 harriri bina altxaldi eman dizkiote: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindroa, 155 kiloko errektangularra, 139 kiloko harri baldarra eta 100 kiloko bola.
Ikuskizun ederra eskaini dute guztiek ere. Urtero bezala, Adunako pilotalekua bete egin da.