Adunako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onarpena aurkeztu zuen maiatzaren 13an, Kultur Aretoan. Kristina Rodriguez alkatearekin batera, Hirigrama enpresako abokatuak eta arkitektoak hartu zuten parte, eta dokumentuaren edukia, orain arte egindako lanketa eta hemendik aurrerako tramitazioa azaldu zituzten.
Prozesua 2022ko abenduan abiatu zuten, eta ordutik herritarren parte-hartzea, diagnostiko teknikoak eta hainbat eragin azterketa uztartu dituzte. Alkateak nabarmendu zuenez, “adunarrok herrirako nahi dugun araudia sortzen ari gara, gutxienez datozen 10 urteetarako”.
Prozesuaren ibilbidea
Alkateak azaldu zuenez, HAPOaren lanketa 2022ko abenduan abiatu zuten. Hilabete berean aurkeztu zen Herritarren Partaidetzarako Programa, eta 2023ko otsailean lehen parte-hartze saioak egin zituzten herrian.
Parte-hartze prozesuaren baitan, udal taldearekin, herritarrekin, haur eta gazteekin eta genero ikuspegia lantzeko saioak egin zituzten. Alkatearen hitzetan, saio horietan “herritar bakoitzak esan zuen etorkizunean zer nolako Aduna nahi zuen”, eta ekarpen horiekin osatu zituzten lehen diagnostikoa eta lehen zirriborroa.
Hirigramako abokatuak aurkezpenean azaldu zuenez, planaren berrikuspena legeak agintzen du 10-15 urtetik behin. Haren esanetan, prozesuak hiru fase izan ditu: diagnostikoa, aurrerapen dokumentua eta orain aurkeztu duten hasierako onarpena.
Diagnostiko fasean herriaren egoera aztertu zuten, ikuspegi teknikoa eta herritarren ekarpenak uztartuta. Ondoren etorri zen 2023ko azaroan aurkeztutako aurrerapen dokumentua. “Diagnostikoa hobekien egiten duena herrian bizi dena da”, azpimarratu zuen.
Hirigrama enpresako abokatuaren esanetan, plan orokorra "txapel handi bat" da: herri osoko lurzoruaren antolamendua ezartzen duen markoa, etorkizunean proiektu zehatzak garatu ahal izateko oinarria izango dena.
Planaren edukia
Aurkeztutako dokumentuak memoria deskribatzailea, herritarren partaidetzari buruzko memoria, eragin azterketak, hirigintza araudia eta planoak biltzen ditu.
Eragin azterketen artean daude ingurumenari, soinuari, generoari, hizkuntzari eta haur zein nerabeei lotutako azterlanak. Abokatuak azaldu zuenez, planak hainbat ikuspegitatik “eramangarria” dela frogatu behar du.
Hirigintza araudiak, berriz, lurzoru bakoitzaren erabilerak, eraikigarritasuna, altuerak eta etxebizitza kopuruak zehaztuko ditu. “Arau honek esango digu”, azaldu zuen, “lur bakoitzak zer gaitasun dituen, zer erabilera eta zer intentsitaterekin”.
Dokumentuak, gainera, bideragarritasun ekonomikoa justifikatzeko azterketak eta herriaren antolamendua jasotzen duten planoak ere biltzen ditu.
Bizitegi proposamena eta mugikortasuna
Bizitegi-proposamenari dagokionez, planak guztira 105 etxebizitza berri aurreikusten ditu. Eremuka banatuta, herrigunean 40 etxebizitza aurreikusten dira; Allapurren, 4; Kamion, 24; Elutsen, 34; eta, Erriberan, 3 etxebizitza.
Hemendik aurrerako pausoak
Hasierako onarpena aurkeztuta, dokumentuak administrazio-tramitazioarekin jarraituko du datozen hilabeteetan. Alegazioak aurkezteko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik, eta tarte horretan txosten sektorial berriak ere jasoko dituzte; besteak beste, ur sareari, errepide sareari eta bestelako azpiegiturei lotutakoak.
Ondoren, dokumentua udalarekin kontrastatuko dute, eta iraila eta urria bitartean behin-behineko onarpena egitea aurreikusten da. Jarraian, Eusko Jaurlaritzaren lurralde antolamendurako batzordeak dokumentuaren koherentzia aztertuko du, eta azken onarpena Gipuzkoako Foru Aldundiak eman beharko du, 7.000 biztanletik beherako udalerrietan hari dagokiolako eskumena.
Saioan azaldu zutenez, "hau da alegazioak egiteko azken aukera", eta HAPOari buruzko dokumentazio osoa udalaren webgunean nahiz udaletxean dago eskuragarri. Azken eguna ekainaren 30a izango da.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 693 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.