Protagonistak, pilotariak
Kadeteak: Hodei Barriola eta Xuhar Iparragirre
Final handia kadete mailako partidarekin hasi zen. Oier Arsuaga eta Lier Zugasti hernaniarrak faborito izan arren, Hodei Barriola eta Xuhar Iparragirrek partidako lehen zatian mailari eustea lortu zuten, eta hernaniarrek eskatutako atsedenaren aurretik, berdinketatik bi tantora zeuden (10-8). Nabarmentzekoa Iparragirrek egindako lana, bai atzean, bai aurrean lan handia egin zuen, eta defentsan sendo aritzeaz gain, hainbat tanto ere bukatu zituen.
Hernaniarren 10. tantotik aurrera, berriz, Arsuaga eta Zugasti gailendu ziren, eta markagailuan nabarmen aurreratu ziren, 22-9 irabazita. Bestalde, Barriola eta Iparragirrek egindako lana izugarria izan zen, eta markagailua aurka izan arren, amaiera arte dena eman zuten. Hala adierazi duten partidaren ostean Hodei Barriolak eta Xuhar Iparragirrek: “Bagenekien zaila izango zela, baina, lan ona egin dugu, gustura gaude eman dugun mailarekin”.
Jubenilak: Aiert Aburuza eta Peru Cestau
Aiert Aburuza eta Peru Cestau jubenilek jokatutako partida ere gogor hasi zen. Ekhi Oses eta Manex Alberdi izan zituzten aurkari, eta hasieratik, lau pilotariek intentsitate handiarekin ekin zioten partidari. Tanto luze eta gogorrak jokatu zituzten, bi bikoteek maila handia eman zuten. Bestalde, Aburuzak eta Cestauk ez zuten markagailuan aurretik jartzea lortu, hernaniarren 8. tantotik aurrera, Osesek eta Alberdik erakustaldia eman zuten eta horri esker, txapela Hernanira eraman zuten. Hala ere, Adunaren aldeko animoak ez ziren eten, eta jaso zuten babesa izugarria izan zen. Pilotariak ere gustura gelditu ziren egindako lanarekin: “Oso gustura jokatu dugu, ez dugu asko egiteko aukerarik izan, baina guretzako finalera iristea luxua da. Horrelako bikote baten aurka bost tanto egitea oso ondo dago”, nabarmendu zuen Peru Cestauk. Aiert Aburuza ere pozik agertu zen: “Izugarrizko esperientzia izan da, oso gustura gaude”.
Seniorrak: Andoni Olasagasti eta Joanes Cestau
Txapela erabakita zegoen arren, senior mailako Andoni Olasagasti eta Joanes Cestau oso gogotsu atera ziren kantxara. Izugarrizko giroa zegoen harmailan, eta bi herrietako zaleen artean Aduna eta Hernaniko bikoteen aldeko oihuak nagusitu ziren. Olasagasti eta Cestau, Xabi Apaolaza eta Markel Lizeagaren aurka aritu ziren, eta lauek maila ona erakutsi zuten. Markagailuan pareko hasi ziren, baina, Hernanik bere legea ezarri eta partidan nagusitzea lortu zuten, 22-9 irabazita. Jokalariak, aldiz, oso pozik zeuden emandako mailarekin. Partida amaitzean, festa giroa lehertu zen, eta bi taldeetako zaleek kantuan eman zioten amaiera txapelketari. “Bagenekien zaila izango zela, partiduetan nahiko erraz gailendu dira, baina giroa ikaragarria izan da, asko disfrutatu dugu, eta oso pozik goaz etxera”, azaldu zuten Andoni Olasagastik eta Joanes Cestauk.
Hainbat eragileren iritzia
Iñaki Lizaso Perez, Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakaria
Herriarteko txapelketari dagokionez, oso balorazio ona egin zuen Iñaki Lizaso Perezek, Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakariak. Parte-hartzeari dagokionez, gorakada egon da, eta inoiz baino herri gehiago aritu dira txapelketan. Dena den, Iñaki Lizasok, hainbat zalek txapelketako partida batzuetan izandako jarrera txarra salatu zuen, eta hurrengo urteari begira hainbat neurri hartzea pentsatu dutela gehitu zuen: “Hainbat herritan zaleek jarrera txarra izan zuten, aurkaria ez zuten errespetatu, eta hainbat jokalarik ere ez zuten batere jarrera ona eduki. Hori ezin da hurrengo urtean errepikatu, agian neurriak hartu beharko ditugu”.
Hala eta guztiz ere, txapelketaren balantze positiboa egiten du, eta haren poza adierazi zuen Aduna finalean egoteagatik: “Niri ilusio berezia egin dit Aduna finalera iristeak, Txulobi pilota taldearen sorreran parte hartu nuen, eta bertan egon naiz arduradun lanetan. Horregatik, poz handia sentitu nuen Aduna finalerako sailkatu zenean”.
Krsitina Rodriguez, Adunako alkatea
Adunako alkateak, Kristina Rodriguezek ere, poza adierazi zuen Adunak Atanon jokatzeko txartela eskuratzeagatik. Lehen aldiz, finalean egotea historikoa zela nabarmendu zuen: "Ilusio handiarekin bizitu dut finala. Adunarentzat finalera iristea oso garrantzitsua izan da, herri guztia aztoratu du, eta denak oso pozik gaude. Bagenekien Hernani oso aurkari gogorra izango zela eta ilusioz dena ematera etorri gara. Hain herri txikia izanik, ez genuen pentsatu ere egin finalean parte hartzeko aukera izango genuenik. Duela 10 urte lehen herriartekoa jokatu zuten gure herriko pilotariek, eta taldea hala nola sortu zen. 10 urte ondoren, finalera iristea eta Atanon jokatzea guretzat ikaragarria izan da. Irabazi edo galdu, herri osoa animatzen aritu gara”.
Era berean, herria egiteko oso baliagarria izan dela azpimarratu du: "Bergararen aurka jokatutako finalaurreko partidara joateko, adibidez, autobusa atera genuen, eta gainerako partida guztietara ere herritar asko joan dira. Kanpoan zein Adunan jokatu, frontoia beti beteta egon da haiek animatzeko. Aurreko asteburuan, finalerako txartela eskuratu zutenean elkarlanean autobusak antolatzen hasi ginen. Herria inoiz baino gehiago batu da".
Miguel Angel Cestau, Txulobi pilota elkarteko ordezkaria
Txulobi Pilota Taldeko ordezkaria da Miguel Angel Cestau eta baita herriartekoan parte hartu duten Peru eta Joanes pilotarien aita ere. Hark ere oso positiboki baloratu zuen pilotariek egindako lana, eta txapelketak pilota taldeari bultzada handia eman diola baieztatu zuen. Finalean partidarik irabazi ez zuten arren, ospatzeko eguna zela baieztatu zuten: “Orokorrean pilotan aritzen direnak nahiko bakarti ibiltzen dira, eta herriartekoa jokatzeak bultzada handia eman diela uste dut, herritarren babes handia izan dute. Ez genuen espero inondik inora, eta lortutako ez da gutxi”.
Erreportaje osoa Aiurri 696 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.