Abuztuaren 8tik 16ra ospatuko dituzte Adunako jaiak. Festen atarian, Ainhoa Arruti eta Jone Olasagasti Jai Batzordeko kideekin eta zinegotziekin izan gara.
Adunako jaiak herritarren topagune nagusietakoak dira. Zer dute berezi, zuen ustez?
Ainhoa Arruti: Niretzat, herriko jaiak urte osoan ikusten ez dugun jendearekin elkartzeko aitzakia polita dira.
Jone Olasagasti: Jai-giro alaian elkartzeko, hitz egiteko eta pozik egoteko egunak dira. Deskonektatzeko eta gauzak ahazteko aukera ematen digute.
A.A.: Azkenean, guri Adunako jaiekin gertatzen zaigun bezala, bakoitzak bere herriko jaiak modu berezian biziko ditu, era batera edo bestera. Ez du zertan aparteko ezer egon. Herritar sentitzen bazara, polita izaten dela uste dut.
Jaiak egun gutxitan bizi dira, baina hilabete askotako lana dago atzean. Nolakoa izan da aurtengo prestaketa-prozesua?
A.A.: Urtero bezala, jaiak abuztuan direla kontuan hartuta, irailean elkartu ginen jaiak zein egunetan izango ziren zehazteko. Datak Ama Birjin egunaren arabera finkatzen dira. Goiz hasten gara, batez ere, musika taldeak lotzeko. Abuztuan herri askotan izaten dira jaiak eta erromeriak bazter guztietan daude; beraz, talderen bat lotu nahi badugu, azkar mugitu behar dugu. Behin hori eginda, gainerako guztia errazago joaten da.
Jai Batzordearen eta Udalaren arteko elkarlana funtsezkoa da. Nola antolatzen duzue lana, eta zer irizpide izaten dituzue egitaraua osatzeko?
A.A.: Gaur egun, behintzat, Jai Batzordeko kideen erdiak Udaleko kideak gara, nahiz eta, nire ustez, hori aldatu beharko litzatekeen. Udalak behar dugun guztia eskaintzen digu: materiala, dirua, antolakuntzarako laguntza... Gure planteamendua, normalean, aurreko urteetako jaietan oinarritzen da.
J.O.: Herri txikia gara, eta gure mugak ditugu. Gure jaiak dira, ordea, eta xumeak izatea nahi dugu. Batzuetan talde handiak ekarri izan ditugu, baina gero konturatzen gara ez dugula gauza handirik behar. Nahikoa dugu, eta nahiago ditugu erromeria eta trikitia.
Kuadrillek ardura berezia hartzen dute urtero: hasierako txupinazoa botatzea, bazkaria antolatzea eta testigua hurrengo kuadrillari ematea. Zer ekarpen egiten die antolaketa eredu horrek herriko jaiei?
J.O.: Oso aberasgarria da herriarentzat. Urtero kuadrilla batek hartzen du protagonismoa, eta herriari zerbait emateko aukera izaten du. Talde bakoitzak bere ekarpena egiten du, bere nortasuna ematen die jaiei: batzuek paella prestatzen dute, besteek beste zerbait... Beti izaten da sorpresa. Egindako lana herritarrek baloratzen dutenean, gainera, asko eskertzen da eta jaietako parte sentitzen zara.
A.A.: Bazkaria jende askorentzat prestatu behar da, eta lana ez da egun horretara mugatzen. Denbora eta ahalegina eskatzen ditu; azken batean, herriari trukean ezer jaso gabe eskaintzen diogun zerbait da. Iaz Tokapelotas kuadrillari eman zitzaion testigua, eta aurten haiek emango diete hasiera jaiei. Azken egunean bazkaria egingo dute eta testigua hurrengo kuadrillari emango diote; horrela, nolabait, datorren urteko jaiei hasiera emango zaie.
Egitarau osoari begiratuta, ba al dago bereziki ilusioz espero duzuen ekitaldirik edo unerik?
A.A.: Niretzat, Oilasko Joku Egunak badu zerbait berezia. Goizetik hasten den festa da, eta, azken urteetan behintzat, gure festa bihurtu da. Egun osoa elkarrekin igarotzen dugu 16 eta 30 urte bitarteko gazteok, eta belaunaldien arteko transmisio aberatsa sortzen da. Niretzat berezia da, baina uste dut kanpotik bizi duenarentzat ere polita izaten dela; batez ere, baserrietako adinekoek 30 gazte adunar elkarrekin, dantzan eta hara eta hona ikusten gaituztenean.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 697 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.