Ekaineko egun haietan giro berezia sortu zen finaleko sarreren salmentaren eta joan-etorrirako bidaiaren bueltan. Giro horretan Aiurrik porra antolatu zuen. Nork jantziko du txapela? Eta, zehazki, zenbat tanto egingo ditu Adunak? Horiexek ziren porran parte hartzeko egiten ziren bi galderak. Gehien-gehienek bihotzarekin parte hartu zuten: porrako emaitzei begiratuta, gehiengo handiak Aduna hartzen zuen faboritotzat. Finalak, ordea, beste errealitate bat irudikatu zuen. Maila handiko taldea da Hernani eta jokatu ziren hiru partidatan agerian geratu zen nagusitasun hori.
Adunarren aldekoak ziren porra gehienak baina, finala amaituta, inork ez zuen asmatu emaitza zehatza. Gauzak horrela, partaideen artean zozketa egin eta irabazlea Aratz Ruiz Elduaien gaztea izan zen. Haren porra ezagutu nahi? Adunaren alde egin zuen eta, orotara, 56 tanto egingo zituztela idatzi zuen. Zozketan, ordea, zortea izan zuen eta sari bikoitza lortu zuen: Adunako pilotariek sinatutako kamiseta eta gosari bikoitza Txantxanen.
Aurreko astean jaso zuen sari bikoitza Jon Irazu Txantxaneko arduradunetako baten eskutik. Pozarren etxeratu zen egun hartan Aratz gaztea.
Kopako finala, Buruz buruko finala, Herriartekoa... partaidetza handia izaten ari dira Aiurri.eus-en antolatutako porratan.