'Sustraitik espaziora', Errigora pantailara

Auzolana da Errigora ekimenaren ardatzetako bat, eta hori argi erakusten du dokumentalak. 

Azaroaren 10ean, Adunan eskainiko dute 'Sustraitik espaziora' dokumentala. Errigora ekimenaren barrualdea erakusten du, martxan jarri zutenetik gaur egunera arte, hainbat eragileren testigantzekin

2012an lehen proba egin ondoren, 2013 abiatu zen Errigora ekimena. Bide luzea egin du geroztik, eta bide hori jasotzera dator 'Sustraitik Espaziora' dokumentala. 

Euskara ofiziala ez den zonaldean hari bultzada ematea du helburu Errigorak eta auzolana da ekimenaren lanabes nagusia. Nafarroa erdi eta hegoaldea ditu ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz.

Azaroaren 10ean, Adunan

Datorren azaroaren 10ean eskainiko dute 'Sustratik Espaziora' dokumentala Adunan. Irati Abio Muruaga Errigora ekimeneko kidea eta Bizkaiko arduraduna da eta hark eman ditu dokumentalaren inguruko xehetasunak: "Dokumentalak barru-barrutik erakusten du Errigorak nola egiten duen lan, eta zein hausnarketa ematen diren haren baitan. Eragile ezberdinen testigantzen eskutik egiten du hori; kontserba etxe bateko jabea, euskararen aldeko mugimenduan dabiltzan eragileak, D-ereduko gurasoak, euskaltegietakoak... Errigora zer den ulertu, barrutik ezagutu eta gure komunitatera gerturatzeko aukera paregabea eskaintzen du 'Sustraitik Espaziora' dokumentalak".

Hitzez agertzea zaila dena, irudi eta testigantzen bidez azaldu nahi izan dute: "Oso zaila da Errigora ekimenaren barrualdean mugitzen den guztia hitzez azaltzea edo elkarrizketa bidez adieraztea. Horregatik erabaki genuen egokia zela dokumentala egitea eta uste dugu emaitza oso polita dela. Ikusteko gonbita luzatu nahi genuke". 

Bi urteko bidea

Bi urtetako lana eskatu du ikusentzunezkoak. 2024ko udazkenean, "Euskarari puzka kanpainaren grabaketarakin ekin genion prozesuari, jarraian protagonisten testigantza jaso genituen. Lan handia eskatu du, baina oso aberasgarria izan da. Jende askorekin egon gara, haiek esateko zutena entzun dugu eta oso polita izan da".

UEMArekin bira egingo dute hainbat herritan barrena, 'Sustratik espaziora' dokumentala eskainiz. "Guztira hogei herritan eskainiko dugu UEMA-ri esker eta Adunan amaituko da bira hori. Gainerantzean, dagoeneko beste hainbat herritatik jaso dugu eskaera. Ez dakigu zer nolako ibilbide egingo duen dokumentalak, baina ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi genuke, Errigora barrutik ezagutzeko aukera izan dezaten". Oraindik ikuskizun dute nolako harrera izango duen, "eta irrikan gaude. Jendearen sentsazioak nolakoak diren jakiteko gogoz gaude. Dokumentala egiten ibili garenok ikusia dugu, noski, baina ikuslego orokorraren erreakzioa ezagutu nahi dugu. Urduritasun punttu bat eragiten digu honek, baina pozik gaude egindako lanarekin". 

Testigantzak

Adunan, azaroaren 10ean eskainiko dute dokumentala, Kultur Astearen baitan. Eta, Adunakoa ere ez da emanaldi hutsa izango: "Herri bakoitzera hurbildu nahi dugu Nafarroa erdi eta hegoaldean bizi duten egoera, lehen pertsonan. Ekimena hurbiletik bizi duen pertsona baten testigantza jasotzeak asko eskaintzen du, eta horretan saiatuko gara. Horregatik, Adunan izango gara dokumentala bideratu dugun kideak, Errigorako eragileak, Nafarroako hegoaldea eta erdialdea hartzen dituen Ager eremuko kideren bat... testigantza ezberdinak entzuteko aukera izango dute gerturatzen direnek. Oraindik ez dugu zehaztu zein gerturatuko den Adunara, baina euskara nola bizi duten partekatuko duen norbait izango da; ikastolako kideren bat, euskaltegikoa, Agerraldi elkartekoa, D ereduko gurasoren bat...", azaldu du Irati Abiolek.  

Aldarrikapena

Barrea, hunkidura..., sentimendu ezberdinak batzen ditu 'Sustraitik Espaziora' dokumentalak. "Errigoraren sorkuntzan parte hartu zutenen hitzak jaso ditugu, Tasio Erkiziarenak, esaterako. Horrez gain, D eredua euren herrietan ezartzearen aldeko lanean aritu zirenek euren borrokaren berri eman digute, gazteen testigantzak ere jaso ditugu, beste zonalde batzuetatik Nafarroara joan direnenak... ikuspegi ezberdinak jasotzeko ahalegina egin da dokumentalean". Testigantza guzti horiek aldarrikapen berdina dutela azpimarratu du Irati Abiolek: "Nafarroa ere euskalduna dela, euskaraz bizi nahi dutela eta horretarako lanean ari direla arlo ezberdinetan; hezkuntzan, aisialdian, haurrekin, helduekin... Zonifikazio legearen aurka borroka egiten ari dira". 

Udazkeneko kanpaina

Errigoraren udazkeneko kanpainan parte hartzeko deia zabaldu du Irati Albiolek. Laster abiatuko da eta hiru kutxa ezberdin jarriko dituzte aukeran. "Ager eremuko ekoizleei eta euskarari bultzada emateko baliagarria izango da. errigora.eus webgunean sartuta egin dezakete kutxen eskaera. Gure produktuak ezagutzeko aukera eskaintzen du kanpainak eta, udaberrian, produktu horiekin etxeko despentsa bete daikete. Gainera, udazkeneko kanpaina gabonetarako ere oso aukera polita da".

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 701 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!