"Jakinmina pizten du euskal-nafar abizenen gaiak "

Eneko Bernaldo de Quirós, Zizurkilen eskainitako ikastaroan. 

Adunako Kultur Azaroan izango da Eneko Bernaldo de Quirós, euskal abizenen jatorriaren inguruko hitzaldia eskaintzen. Azaroaren 12an eskainiko du saioa, Kultur Aretoan

Azaroaren 10ean abiatuko da aurtengo Kultur Azaroa. Denetarriko ekitaldiak ekarriko ditu aurtengoak ere; dokumentala, hitzaldia, txotxongilo emanaldia... Ohiko talo eta gaztain afari-merienda izango dute azaroaren 21ean eta, kultur hilabeteari amaiera emateko, kirola izango da protagonista, mendi duatloiarekin. Azaroaren 12an, Eneko Bernaldo de Quirósek hitzaldia eskainiko du Kultur Aretoan.

Hitzaldia eskainiko duzu Adunako Kultur Azaroaren baitan. Zein gai jorratuko duzu?

Euskal abizenen jatorriaz arituko naiz. Gaiaren inguruko ikuspegi orokor bat ematea da nire helburua, entzuleek arlo honen inguruko ideia nagusiak jaso ditzaten. Ordu eta erdi inguruko saioa eskaini ohi dut eta amaieran, galderak egiteko aukera izaten du jendeak. Denetariko galderak egiten dizkidate; askok euren abizenaren gaineko azalpenak eskatzen dituzte. Jakinmina sortzen du gaiak. Bederatziehun abizen inguru ditut aztertuta baina oraindik asko falta zaizkit, noski. Ezin izaten dut galdetzen dizkidaten abizen guzti-guztien inguruko jatorriaren berri momentuan bertan eman; kasu batzuetan oraindik ikertzeko ditudalako, beste batzuk ez ditudalako gogoan. Harrera polita izaten du gaiak eta euskal-nafar deituren gaiak jakinmina pizten du entzuleen artean.

Nola hasi zinen mundu honetan murgiltzen?

Betidanik gustatu izan zait historia. 2018-2019 inguruan hasi nintzen nire jaioterriaren inguruko datu ezberdinak biltzen: etxeen izenak, abizenak, kondairak... Nafarroako Iturgoien herrikoa naiz, eta bertako ikerketa sakona egin nuen. Bildutako datu guztiei forma eman, eta liburu bat egin nuen: "Altxirukis. Pasado y presente de los hidalgos de Iturgoyen". Hortxe konturatu nintzen mundu hau oso gustoko nuela: familia ezberdinen inguruko dokumentuak irakurriz oso gauza interesgarriak aurkitzen nituen eta horrela hasi nintzen mundu honetan sakontzen. 

Ikerketa ezberdinak egin nituen nire kabuz eta, 2021 urtean abizenen inguruko informazioa sare sozialetan jartzen hasi nintzen. Honetan nabil orain.

Webgunea eta sare sozialen bidez zabaltzen duzu zure ikerketen berri...

Instagram, Facebook eta Youtuben argitaratzen dut eta, baita apellidosvasconavarros.es webgunean ere. Oso harrera ona izaten dute argitaratzen ditudan bideo eta testuek. Formatu atseginean egiten saiatzen naiz eta jendeari gustatzen zaiola esango nuke. Mapetan adierazten dut abizen bakoitzaren jatorria; jendeak eskertu egiten du konplikaziorik gabeko azalpen mota hori. Bestalde, jarraitzaile askok euren deituren jatorriaz galdetzeko idazten didate eta beste askok jakinmin hutsagatik jarraitzen dute edukia.

 

 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 702 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!