Euskararen Egunerako hainbat jarduera antolatu dira Adunan

Euskararen Eguna ospatzeko, abenduaren 2tik 4ra bitarteko egitaraua antolatu dute herrian, ipuin-kontaketarekin, herri kirolekin, argazki rallyarekin eta bestelako ekitaldiekin.

Euskararen Eguna ospatzeko hainbat jarduera izango dira Adunan abenduaren 2tik 4ra. Hiru eguneko egitarau bat antolatu da eta, haren bidez, herritarrek euskararen inguruan bildu eta hizkuntzaren erabilera sustatzeko aukera izango dute, adin guztietako herritarrei zuzendutako proposamenekin.

Egitaraua abenduaren 2an hasiko da, 17:00etan, liburutegian. Bertan, Maren Basterretxeak "Tsoko eta Xixili" ipuin-kontaketa eskainiko du, 3 eta 8 urteko haurrei zuzenduta. Derrigorrezkoa da haurrak heldu batekin joatea.

Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Eguna, eta horretarako, lau ekitaldi antolatu dira: 14:30ean, herri kirolak egingo dituzte frontoian ikasleekin; 16:00etan, merienda egingo da Elkartean; 19:00etan, Argazki Rallyaren erakusketa eta sari banaketa Kultur Etxean eta azkenik, 19:30ean, "Euskaraz e(r)agin" kanpaina aurkeztuko da plazan, pintxo potea eta Kantu Kalejirarekin batera.

Aste berezi hau amaitzeko, abenduaren 4an, azokako posturako arabiera-euskara kartel txikiak egingo dituzte, Malik lagunari opari emateko. Hitzordua 9:00etan izango da herriko plazan.

Jarduera hauekin, Adunak egunerokoan euskara erabiltzeak duen garrantzia eta urteko 365 egunetan presente egon behar duela aldarrikatu nahi du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!