Izarne Mayoz eta Eneit Bertiz nagusitu dira Adunako VIII. Mendi Duatloian

Iraia Sanchez Arregi

Azkeneko proba jendetsuarekin itxiera eman diote XVI. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituari. Parte-hartzaileek hiru sektorez osatutako proba zorrotzari aurre egin behar izan diote helmuga zeharkatzera iristeko.

103 partaide bildu dira Adunako plazan VIII. Mendi Duatloia osatzeko. Eskualdean ireki eta itxi da aurtengo Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua, eta proba honekin XVI. edizioko sailkapen orokorra ebatzita geratu da. Emakumezkoetan Izarne Mayoz asteasuarra nagusitu da gaurko proban, eta gizonezkoetan, berriz, Eneit Bertiz izan da helmuga zeharkatzen lehena.

Mayozen atzetik pare-parean ibili da Maitane Garmendia, eta haren ostean, Larraitz Caballerok itxi du emakumezkoen podiuma. Gizonezkoetan Eneko Gurrutxaga amasarrak eskuratu du bigarren postua, eta hirugarrenean Pello Olaberria geratu da. Bikotekako modalitatean Asier Altuña eta Koldo Herrera izan dira helmuga zeharkatzen lehenak. Bikote mistoen aurreneko postua Irati Larrañagak eta Josu Urrestarazuk eskuratu dute.

Denboraldiari itxiera eman dio gaurko probak

Aurtengo denboraldiko 9. proba izan da gaurkoa, eta bertan banaka 43 lasterkari aritzeaz gain, erreleboka 30 bikote aritu dira, horietako lau mistoak. Herritarren parte-hartzea ere nabarmena izan da, 14 adunar animatu dira proban parte-hartzera. Axier Aburuza izan da zirkuitua bukatzen lehen herritarra.

3 sektoretan banatutako proba osatu behar izan dute lasterkariek. Lehenbizikoan korrika bi itzuli egin dituzte, 3,66 Km-ko mendi lasterketa osatu dute 118 m-ko desnibel positiboarekin. Ondoren, mendiko bizikletaren txanda izan da 14,5 Km mendi bizikletaz eginda 541 m-ko desnibel positiboarekin, Belkoain ingurutik igaroz. Azkenik, berriro lasterka aritu dira azken itzulia osatuz, 1,83 Km egin dituzte 59 m-ko desnibel positiboarekin. Lokatzetan Kirol Kluba aritu da duatloiko probaren antolakuntza lanetan.

Iazko proba bera gainditu behar izan dute lasterkariek, jaitsieretan nahiz igoeretan teknikotasunei aurre eginez. Hala, bizikletako proba egiten ari zirela ezbeharra gertatu da, parte-hartzaile batek erorikoa izan du eta helikopteroz artatu behar izan dute.

Bi txapel nagusi, eskualdera

Gaurko probarekin ebatzita geratu da XVI. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko sailkapen orokorra. Gizonezkoetan aurretiaz jakina zen Gurrutxagarentzat gordea zela lehen postua, orain arteko proba guztietan puntu gehien batzea lortu baitzuen. Emakumezkoetan, ordea, gaurko zirkuitua izan da sailkapena zehaztu duena, Mayoz asteasuarra izan da aurtengo denboraldiko txapela jantzi duena. Hortaz, aurtengo edizioko bi txapelak eskualdean geratuko dira.

Zirkuituari itxiera emateko, Aburuza sagardotegian egingo dute afaria. Bertan bilduko dira parte-hartzaile guztiak, eta sari banaketa ere hantxe ospatuko dute.

Sailkapena

Bakarkako emakumezkoak:

  1. Izarne Mayoz – 01:35:10
  2. Maitane Garmendia – 01:36:18
  3. Larraitz Caballero – 01:42:13

Bakarkako gizonezkoak:

  1. Eneit Bertiz – 01:08:55
  2. Eneko Gurrutxaga – 01:09:30
  3. Pello Olaberria – 01:09:38

Erreleboka:

  1. Asier Antuña eta Koldo Herrera – 01:04:08
  2. Unai Altuna eta Haritz Artano – 01:05:15
  3. Alberto Gomez eta Eneko Gonzalez – 01:07:09

Errelebokako aurreneko bikote mistoa:

  1. Irati Larrañaga eta Josu Urrestarazu – 01:11:15

Sailkapen orokorreko aurreneko emakumezkoa:

  1. Izarne Mayoz

Sailkapen orokorreko aurreneko gizona:

  1. Eneko Gurrutxaga

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!