Billabona FKE indartsu eta maila onean aurkitzen da

Aiurri 2018ko eka. 23a, 02:00

Billabona FKE klubak denboraldia amaitu berri du, eta larunbatean festa antolatu zuen Real Sociedad Fundazioarekin batera. Jokoak, marrazteko tailerrak eta bazkaria izan zituzten.

Festa eguna izan zuten larunbatean, ekainaren 16an, Billabona futbol elkarteko lagunek. 10:30ean hasita jokoak eta marrazketa tailerra antolatu zituzten herriko plazan Real Sociedad Fundazioarekin batera. Bazkaria ere egin zuten Txerminen eta amaiera musikarekin eman zioten.

Denboraldi amaiera nola joan den eta etorkizunera begira dituzten planez solastu gara Asier Etxaniz erregional preferente mailako entrenatzailearekin eta Mikel Elizegi klubeko arduradunarekin.

Denboraldiaren zein balorazio egiten duzue?

Mikel Elizegi: Txukuna. Lastima izan da ohorezko kadeteek maila galtzea. Jubenil nahiz preferente mailakoek ezarritako helburuak bete dituzte. Infantilak eta alebinak hazten doaz, eta horiek ere helburuak bete dituzte. Lehen mailako jubenilak kopako azpitxapeldun geratu dira. Beren prozesuan beste maila bat lortu dute.

Asier Etxaniz: Futbol eskolako eta aurreneko urteko alebinena eta infantilena formazio modukoak dira. Maila horietan helbururik ez dugu ezartzen. Futbola zer den erakusten diegu, eta aldi berean nola hobetu dezaketen galdetzen diegu, ondoren beraiek erantzuteko. Kadete mailatik aurrera sartzen gara konpetizioan.

Zenbat lagunek osatzen dute Billabona FKE?

M. E.: Futbol eskolan 80 ume inguru daude. Ondoren, bina talde infantiletan, kadeteetan eta jubeniletan, eta erregional preferenteko bat.

Nesken talderik osatzea pentsatu al duzue?

A. E.: Zenbait neskek ematen dute izena, baina aurrera begira ez dugu lortzen taldea osatzea. Ondorioz, inguruko herriren batera joaten dira, esaterako, Tolosara edota Zizurkilera. Gure helburua bada nesken taldea osatzea, baina zaila da, ez baitugu 15 neska biltzea lortzen. Hoberena txikitatik hastea izango litzateke, formazioa jasoz eta pixkanaka goraka joanez.

Beraz, animo mezua zabaltzen diezue herriko neskei.

A. E.: Guk gonbita luzatzen diegu. 15 neska animatuz gero gustura joango gara aurrera.

M. E.: Futbola piramide modukoa da. Oinarriak ondo ezarri  behar dira, ondoren goruntz joateko. Gu prest gaude nesken taldea martxan jartzeko izan infantil nahiz kadete. Animatuz gero, aterako dugu taldea aurrera.

A. E.: Klubaren 25. urtemugan Real Sociedad Fundazioarekin hitz egin genuen, Errealeko nesken entrenamendua Arratzainera ekartzeko, jakinmina sustatzeko eta neskak animatzeko. Berriro gonbidatu ditugu entrenamendu saio bat egitera, edota aurre-denboraldiko partidaren bat jokatzera. Erantzunaren zain gaude. Ea modu horretan herriko futbol taldea osatzera animatzen diren neskak.

Preferenteko taldeak maila ona erakutsi du aurtengoan.

A. E.: Aurten lehen urtea izan da preferente mailan eta 6. postua lortu dugu. Helburua maila berean mantentzea zen, eta bete dugu. Maila badagoela ikusi dugu, baita gehiago egin dezakegula ere; beti ere hankak lurrean edukita.

Orain arte, billabonatarrei jubenil mailan bukatzen zitzaien herriko taldean jokatzeko aukera. Talde berria sortzeko irtenbide bakarra belar artifiziala jartzea izan zen, belar naturalak zainketa handia eskatzen baitu. Eta horrelaxe egin genuen. Horri esker, erregional preferente mailan taldea sortzea lortu dugu. Taldea osatu nahi genuela adierazteko bilera antolatu genuen, eta bertara 45 lagun hurbildu ziren taldea osatzeko prest zeudenak. Jokalarien harrera oso ona izan da.

Zu, Asier, preferente taldekoen entrenatzailea zara. Zer moduz sentitu zara?

A. E.: Hasieran urduri nengoen, kezkati; ordurarte gaztetxoagoak entrenatu izan baititut. Ez nekien gai izango ote nintzen, edota maila emango ote nuen.  Lehen aldia izan da 20 urtetik gorako gazteak entrenatzen ditudala. Momentu txarra pasatu genuen urtarrila eta otsaila bitartean, ikasketak eta zenbait lesio izan zirelako tarteko. Guztiak normaltasunez entrenatzen hastean egoerari buelta ematea lortu genuen. Astean zehar ondo egindako lana asteburuko partidetan islatzen da.

Udan deskantsua tokatzen al da?

A. E.: Ez dago deskantsurik. Orain dela gutxi jakin dugu zenbait jokalarik preferenteko taldea utziko duela, lana dela eta. Hurrengo urtera begira, jokalari horien hutsunea betetzea izango da gure erronka.

Billabona FKE klubean izena eman nahi duenak non eta nola egin dezake?

M. E.: Murriztuta dago taldean sartzeko aukera, bertan daudenek lehentasuna baitute. Futbol eskolako informazioa laster aterako dugu. Informazioa klubeko Facebook orrian lortu daiteke, baita billabonafke@yahoo.es helbide elektronikoan ere.

Bazkide egiteko aukera ere badago?

M. E.: Nahi duenak 20 euroko kuota ordaindu dezake taldeari laguntza eskainiz. Laguntza hori 250 lagun inguru mugitzen dituen barku handiaren erregaia da.

Etorkizunera begira, nola ikusten duzue Billabona FKE?

A. E.: Helburu zehatzik ezarrita ez dugun arren, aurreikuspenak egin ditugu hemendik aurrera datorrena aztertzeko. Etorkizuna uste dugu ona datorrela, jokalari onak datoz. Nabari da azken urteetan futbol eskolan gogor ari direla entrenatzen. Gaztetxoak formazioarekin datoz, eta hori laguntza handikoa da.

Jokalariren bat profesionaletan ikusteko aukerarik edukiko al dugu?

M. E.: Zaila da. Ez da gure helburua, baina gustatuko litzaiguke, noski. Real Sociedad Fundazioak esandakoaren arabera, urte bakoitzean sartzen diren jokalarien %1 iristen da profesionaletara. Gipuzkoan, 2.000tik gora haur daude kinta bakoitzean. Hortik atera kontuak.

A. E.: Billabonak zenbait profesionalak eman du; esaterako, egun Athletic-eko delegatu den Andoni Imaz, Jokin Aginaga, Aitor Agirre, Asier Castro edota  Aitor Castro. Zortea eduki dugu beraiengandik ere asko ikasi dugulako. Errealean egon dira, eta beraiek ere eskertu digute gure aportazio txikia.

Badugu jokalari bat Errealarekin formazioa egiten ari dena. Ea zortea duen eta profesionaletan ikusten dugun hemendik urte batzuetara. Billabona FKErentzat albiste pozgarria izango litzateke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!