Kalte handiak eragin ditu Pilotari kalean piztu den suteak

Aiurri 2017ko urt. 19a, 14:00

Gaur eguerdiko 13:20ak zirenean, izugarrizko sutea sortu da Pilotari kaleko lehen zenbakidun ezkaratzean. Lehen solairuan piztu da sua eta lau solairuko etxebizitza osoan zehar zabaldu dira sutearen ondorioak:

[Argazkiak]

Antza denez, manta elektriko batek su hartu du Pilotari kaleko lehen zenbakidun ezkaratzean eta inguruan zegoen gas bonbona lehertu ondorenean, sekulako sutea piztu da. 

Suhiltzaile, ertzain, udaltzain eta anbulantziak berehalakoan bertaratu dira gertaera lekura eta inguruko etxebizitzetako biztanleak etxetik atera dituzte lehenik. Sutea itzaltzen ahalegindu dira gero. Bizilagunek jakinarazi dutenez, denbora dezente behar izan dute sutea mendean hartzeko, indar handia hartu baitute garrek.

Lau bizilagun eraman dituzte ospitalera, ke beltz eta iluna arnastu izanak euren osasunean kalterik sortu ote duen ziurtatzera, baina arratsaldean jakirazi dutenez, onik daude laurak.

Dirudienez, azkar batean zabaldu da sua eta inguruko bizilagun nahiz hain gertukoak ez zirenak ere (Larrean ere entzun baitute hotsa), bi eztanda entzun dituzte. Lehena bigarrena baino indartsuagoa eta berehalakoan ohartu dira gertaeren larritasunaz.

Suhiltzaile, udaltzain nahiz ertzainek lanean jarraitzen dute oraindik eta sua guztiz itzaltzea lortu badute ere, segurtasun neurriak bete bitartean, lehen zenbakidun ezkaratzeko bizilagunek behintzat ezingo dute euren etxebizitzetara sartu. Gaur gaua bederen etxetik kanpo igaro beharko dute eta seguruenik, baita datozenak ere. Lau solairuko etxebizitza suaren eta kearen ondorioz oso kaltetuta geratu baita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!