2018/10/25 02:00

Bestelakoak

Landalab ekimenaren aurkezpena

Amasa-Villabona

LANDALAB proiektuaren aurkezpena

Ostegun honetan Amasako Kultur Etxean arratsaldeko 18:30ean

"Orain dela hilabete batzuk, udalak, landa eremuan bizi diren adineko pertsonek eskatzen eta jasotzen dituzten hainbat zerbitzuren ikerketa-diagnosia garatzea sustatu zuen.

Ikerketa, interes sozialeko “Agintzari” kooperatibak burutu du, Aitor Basurto adituaren zuzendaritzapean, eta Eneko Urdangarin (PNV) zinegotzia buru den Gizarte Zerbitzuetako saileko finantzaketarekin. Amasako adineko pertsonen gizarte beharren inguruan jarraitu beharreko dinamikak zehaztu ditu lan sakon honek: gizarte langileak normalean hiri eremuan mugitzen direnez (biztanleria handiagoa delako), gizarte arreta maila areagotzeko, beharrezkoa da komunitate ekintza propioa martxan jartzea, landa eremuko pertsonak inplikatuz eta arreta gehien behar duten baserritarrei laguntza eskainiz.

Landa eremuko pertsonak dira beraien inguruko adineko pertsonak dituzten beharrak hobekien ezagutzen dituztenak eta beraiek dira, udaleko gizarte zerbitzukoek plan pertsonalizatuak garatzeko informazio fidagarri eta zuzenena eskaini dezaketenak.

“Agintzari” kooperatibak “auzozainaren” perfila erabili nahi du gizarte zerbitzuen saileko eta landa eremuko erabiltzailearen arteko lotura modura, horrela, ematen den arretaren eraginkortasun handiagoa lortuz.

Urriaren 25ean, ostegun honetan, aurkeztuko den LANDALAB programa zentzu gizatiarra duen proiektu aurrendaria da. LANDALAB proiektuak, landa eremuko adineko pertsonen egoeraren “argazki” zehatza eskaintzeaz gain, 3 helburu bete nahi ditu: batetik, adineko baserritarren bizitza kalitateari eustea; bestetik, arreta goiztiar egokia eskainiz, egon daitezkeen arrisku egoerak definitu eta bizilagunak, formakuntza egoki baten ondoren, arreta horren inguruko erantzunkidetasuna izan dezaten ahalduntzea; eta azkenik, gizarte zerbitzuen eta landa eremuko bizilagunen lotura egonkorra sortzea. Eneko Urdangarinentzat, “harro egoteko modukoa da Amasa-Villabona, orainaldi eta etorkizuneko programa interesgarri hau garatuko duen Gipuzkoako herrietako lehenetarikoa izatea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!