Errebote plazako eraberritze lanak Aste Santu osterako amaitzea aurreikusten dute

Aiurri 2019ko mar. 26a, 14:56

Maite Izagirre alkatea eta Dani Carballo arkitektoa.

Udaleko kontzejupeko hormetan errebotearekin zerikusia duten pertsonaiez osatutako irudiak ipiniko dira tamainu errealean. Horien artean Pedro Yarza, Teodoro Hernandorena, Karlos Etxenike edota Enrique Abril.

Eguerdian izan da prentsaurrekoa Errebote plazako obren amaiera lanez informatzeko. Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak adierazi duenez, "erritmo onean doaz Errebote plazako eraberritze lanak, eta posibleena Aste Santu ondorengo asteetan lanak amaituta egotea da".

Errebote plazako frontoia kolore marroiez margotuko da, eta udalaren alboko eta aurreko fatxada, berriz, krema kolorez. Horrela erabaki dute Behar Zana elkarteak eta udaleko alderdiek. Izaera neutroa lortu nahi izan da, hiru helburu betetzeko asmoz: "Urteekin nekatzen ez duen kolorea izatea, plazari batasun kromatikoa eskainiko dion kolorea izatea eta errebotearen ikusgarritasuna erraztuko duen kolorea izatea".

Garatutako lehen ekintza harri-horma eraistea izan da, plazari itxura zabalagoa eta irekiagoa emateko. Horrez gain, herritarrek parte-hartze batzordean egindako hainbat proposamen gehitu dira. Esaterako, “motxa” moduan ezagutzen den frontoi txikiko eremuaren berregokitze eta konponketa; ikurrina babesten duen pintada dagoen pareta balioan jartzea eta erdigunearen ondare kulturala den  Errebote jokoaren beharrezko testuinguru historikoaren erreferentzia egitea.

Testuinguru historiko-kulturala
Euskal pilotaren errebote modalitatearen testuinguru historikoa egitea beharrezkotzat jo du Izagirrek. "Errebote jokoak singularitatea eta ondarearen balioa gehitzen dio plazari. Betidanik esan dugu altxor hori mantentzeaz gain balioa gehitu behar zitzaiola".

Bide horretan, Dani Carballo Ostolaza arkitektoak Amasa-Villabonan erreboteak duen testuinguru historiko-kulturalean oinarritutako informea garatu du. Bihartik aurrera udaleko webgunean egongo da eskuragarri.

Herrian errebote jokuari erreferentzia egiten dioten zenbait elementu daudela gogorarazi du Carballok. "Amasa-Villabonak badu errebotearekiko erreferentzia eskultura aldetik, esaterako, biribilgunean dagoen botarria edo kiroldegi ondoan dagoen xistera itxurako eskultura".

Erakusketa
Udaleko kontzejupeko hormetan errebotearen inguruko pertsonaien irudiz osatutako erakusketa ipiniko da. Erakusketa iraunkorra izango da, eta pertsonaien altuera erreala edukiko dute. Irudien eta infografien bitartez plazan aurrez egin diren eraldaketak azaldu daitezkeela dio Carballok.

Herriarekin lotura duten zenbait pertsonaien irudiak egongo dira erakusketan, hala nola Pedro Yarza, Teodoro Hernandorena, Karlos Etxenike, Enrique Abril edota Juan Garmendia.

Erakusketako irudi bakoitzak QR kodigoa edukiko du mugikorraren bitartez informazioa eskuragarri edukitzeko eta partekatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!