Parke estaliko eta Txermingo aparkalekuko birmoldaketa proiektuak aurkeztu ditu Amasa-Villabonako Udalak

Txermingo aparkalekua autoentzako eta furgonetentzako bideratuko da, oinezkoentzako bidearekin, argi gehiagorekin eta gune berdeekin.

Maiatzaren Lehena plazan kokatzen den haurrentzako parkea da estaliko dena, kiroldegiaren atzean dagoena. Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak adierazi duenez, "herriak estalita dagoen jolaslekua behar du, eta arrazoi horregatik kiroldegi atzean kokatzen den Maiatzaren Lehena parkea estaliko da". Lanak hurrengo hilabeteetan hasiko direla gehitu du Izagirrek.

82.000 euroko kostua du obrak. Parke moderno eta dinamikoa dela dio alkateak; errepidetik urrun dagoena, segurua eta familiei kiroldegira joateko aukera ematen diena.

Bestalde, bolatokiaren ondoan aurkitzen den gunea ere berrituko da, kirol arloetako jokoek lekua edukitzeko. Eta adin ezberdinetako haurrentzat joko pedagogikoak ipiniko dira Maiatzaren Lehena plazan bertan.

Proiektu horiek egiteko prozesu parte-hartzaile arautua egingo dela adierazi du alkateak.

Txermingo aparkalekua
Amasa-Villabonako aparkalekurik handiena da Txerminekoa, Errebote plazatik bost minutura kokatzen dena. Herrian aparkatzeko dauden arazoari irtenbidea bilatzeko asmoz aurkeztu da proiektua. Ondorengo ezaugarriak edukiko ditu eraberritutako aparkalekuak: doakoa izango da auto eta furgonetentzat; galiboa instalatuko da zenbait ibilgailuren sarrera ekiditeko; asfalatu egingo da, lerroak pintatuko dira; argiztapenetan hobekuntzak emango dira; oinezkoentzako pasabidea jarriko da, desgaitasunak dituztenentzako aparkalekuak ipiniko dira eta zakarrontziak ipiniko dira, besteak beste.

Alkateak azaldu du bertan aparkatzen diren kamioien %90a ez direla herrikoenak, eta zenbait garraio enpresek Txerminen uzten dituztela beren erremolkeak denbora mugagabez; gehituz obretako kontenedoreek karga eta deskarga lanak egiten dituztela inolako kontrolik gabe eta zenbait trailerrek gune berdeak okupatzen dituztela. Ondorioz, bizilagunek ez dute bertan aparkatzeko aukerarik. "Hori gutxi balitz, Txermingo aparkalekua karabanekin datozen hainbat famililien egonleku bilakatzen ari da".

Kamioilarien beharrak ez direla alde batera utziko azpimarratu du Izagirrek; gehituz lan mahai bat sortuko dutela arazo zehatzak aztertu eta konponbideak aurkitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!