Etxebizitzetan birgaitze energetikoa sustatzeko tailerra, Amasa-Villabonan

Aiurri 2019ko api. 25a, 10:44

Amasa-Villabonako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin elkarlanean antolatu du tailerra. Maiatzaren 8an ospatuko da Subijana etxean, 18:00etan. Sarrera doakoa da.

“Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko” izeneko tailerraren helburua bizitegirako diren eraikinen birgaitzea aurrera eramateko orduan herritarrei energia-eraginkortasunarekin zerikusia duten irizpideak eta ezagutzak eskura jartzea da, beti ere, modu erraz eta ulerkorrean. Eraginkortasun altuko birgaitzeak herritarren bizi-kalitatean eragiten du, ondorengo arrazoiengatik:

  1. Aurrezpen ekonomikoa handituko da, energiaren kontsumoa gutxituko baita: isolamenduak, hermetikotasunak, aireztapen egokiak eta instalakuntza eraginkorrek energia aurreztea dakarte eta, ondorioz, baita dirua aurreztea ere.
  2. Bertan bizi diren familiek osasunean irabaziko dute: hezetasunak kontrolatuko dira kondentsazioak saihestuz eta ondorioz, patologiak ekidinez.

Tailer horietan parte hartu nahi duten herritarrek, maiatzaren 6a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

  • Posta elektronikoa: leire@laiacoop.eus
  • Telefono zenbakia: 605 757 687 (astelehenetik ostiralera, 9:00tatik 15:00etara).
  • Informazio osagarria: webgunean.

Tailer horiek "Gipuzkoa Argitu" izeneko programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzea eta eraginkortasuna handitzea da, modu erraz batean.

Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile  ezberdinen eskura; hala nola aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, aurrez aurreko aholkularitza-zerbitzua  Energia Azoketan, "Gipuzkoa Argitu" programaren webgunea... Aurten, aurreko urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen zituen tailerrez gain (“Eskuratu zure argindar kontsumoaren datuak eta murriztu zure kontsumoa!” eta “Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!”) bi tailer osagarri antolatu dira:

  • “Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko”
  • “Energia berriztagarriak zure etxean... posible da!” (udazkenean antolatuko da mota horretako tailerra).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!