Beertoki Azoka, larunbatean

Aiurri 2019ko api. 26a, 12:56

Apirilaren 27an, larunbat honetan, izango da Beertoki Azokaren laugarren edizioa. Jan-edan goxoaz gain, harri desafioa eta artisau azoka ere antolatu dute aurten. 11:00tan irekiko dituzte ateak, eta azoka martxan izango da 23:00ak arte, Bearzana pilotalekuan.

Hamazazpi ekoizle ezberdinen garagardoak dastatzeko aukera eskainiko du Beertoki Azokak; esperientzia luzea dutenak batzuk, hasiberriak besteak. Garagardoarekin batera, jateko goxoa ere eskainiko dute; izan ere, bertan arituko baitira Tolosako Ama jatetxeko arduradun diren Jabi Rivero eta Gorka Riko.

Bestalde, berrikuntza ezberdinak egiten dituzte urtero Beertokiko arduradunek. Igor Fernandez, Eneko Calvo, Jon Ander Artola eta Aitor Otegi antolatzaileek bi berrikuntza prestatu dituzte aurtengorako. Batetik, harri desafioa egingo dute, 12:30etan hasita, pilotalekuan bertan. Lau bikote lehiatuko dira; Villabonako Xabi Aranzabe eta Mikel Otaño, Andoaingo Jon Jauregi eta Jon Lopez de Munain, Alkizako Juan Joxe Olarra eta Aitor Otegi, eta Tolosa-Ibarrako Iñaki Errazkin eta Iñaki Agirre. 56 eta 63 kiloko harriekin arituko dira. Hiru minutuko txandak egingo dituzte harri bakoitzarekin, txanda librean.

Horrez gain, azokak irauten duen bitartean, herriko artisauen lanaz gozatzeko aukera izango da pilotalekuaren aurreko Gudari plazan. Lurgi Zalakain eta Nahikari Iturberen lanak, Amets Zalakainen artelanak, Selene Mmartinen margolanak, Susana Carretero eta Maria Barrenaren egurrezko jostailuak... Horrez gain, Beñat Iraolak norberaren gustura serigrafiatutako kamisetak egingo ditu bertan.

Azokako eskaintza: Gora, Drunken Bros, Azkona, Baobeer, Bidassoa Basque, Bremery, Brew& Roll, Garagart, Garai, Blas, Apar Gar, Naparbier, Morlaco, Lau Gar, Xorta, Gross, Mala Gissona eta Arbaso garagardo artisauak.

Salneurriak:

Edalontzia: 2,5 euro.

Boletoak: 2 euro.

Kamisetak 15 euro.

Garagardo bakoitzak bere salneurria izango du. Oria elkartearekin elkarlanean, 150 euroko erosketa bonua zozketatuko dute, garagardo sortarekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!