Beertoki Azokak garagardoa, desafioa eta artisautza uztartu zituen

Ainhoa Arozena 2019ko api. 29a, 11:16

Joan zen larunbatean IV. Beertoki Garagardo Azoka burutu zen Villabonako Bearzana pilotalekuan. Eguerdiko harri desafioarekin berotu zen pilotalekuko giroa. Villabonako Xabi Aranzabe eta Mikel Otaño, Andoaingo Jon Jauregi eta Jon Lopez de Munain, Alkizako Juan Joxe Olarra eta Aitor Otegi eta Tolosa-Ibarrako Iñaki Errazkin eta Iñaki Agirrek, 53 eta 63 kiloko harriak altxatu zituzten 3 minutuko bi txandatan. Iñaki Otaegi aritu zen laguntzaile lanetan eta Goretti Amunarriz nahiz Ane Maiza, epaile. Tolosarrek eskuratu zuten lehen postua, alkizarrek bigarrena, hirugarrena andoaindarrek eta laugarrena billabonatarrek. Jende asko gerturatu zen desafiora eta giro polita sortu zen.

Egun guztian zehar, 17 ekoizleren garagardo ezberdinak dastatzeko aukera izan zen eta baita AMA tabernako kideek eskainitako mokadu goxoak dastatzekoa ere. Aurten, lehenengoz, herriko artisauen lanak ezagutu eta eskuratzeko aukera ere eskaini zuen pilotalekuaren atarian jarritako artisautza azokak. Lurgi Zalakain eta Nahikari Iturbek Kaori faktoriako lanak erakutsi zituzten, Amets Zalakainek eta Selene Martinek hainbat margolan, Beñat Iraolak Zatzaizkit serigrafia taldeko lanak edota Susana Carreterok, Sualma egurrezko jostailuak.

Antolatzaileek egunaren balorazio positiboa egin dute, guztia ondo joan zela azpimarratuz. Zozketako zenbaki saritua 223a izan zen. Azokan eskaini ziren 60 garagardo artisauak eta Oria merkatarien elkarteko saltokietan gastatzeko 150 euroko erosketa-txartela eskuratuko ditu irabazleak. Hori bai, ekainaren 1a baino lehen jarri beharko du harremanetan antolatzaileekin infobeertoki@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!