Andoni Lubaki argazkilari urretxuarraren erakusketa Gurean

Aiurri 2019ko mai. 10a, 10:00

Argazkia: Tolosaldea Sahararekin Elkartea.

"Sahara. 40 urteko exilioa" du izena Andoni Lubakiren argazki erakusketak. Tolosaldea Sahararekin Elkarteak antolatu du eta gaur zabalduko da erakusketa 19:00etan Gurea Zinemako erakusketa gelan.

Lubakik maiz bidaiatu du Saharara eta gertutik ezagutzen ditu okupatutako zein liberatutako lurraldeak, baita errefuxiatuen kanpalekuak ere.

Argazkien protagonistak albistegietan azaltzen ez diren pertsonak dira: minen eztandek eragindako biktimak, liberatutako lurraldeetako soldaduak, desagertutakoak, osasun arazoak dituzten pertsonak, pertsonaia historikoak, okupatutako lurraldeetan dauden aktibistak…

Lana Euskal Fondoak kudeatzen du eta erakusketak Villabonako Udalaren laguntza jaso du.

Maiatzaren 10etik maiatzaren 18ra bitartean egongo da ikusgai argazki erakusketa. Andoni Lubaki bera egongo da argazkiei buruzko azalpenak emateko, eta baita EAEn Fronte Polisarioko ordezkaria den Abdula Arabi ere, gaur egungo Mendebaldeko Sahararen egoeraren berri ematen.

Ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 17:30-20:00.
  • Larunbatetan: 10:00-13:00.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!