Aritz Zerain Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Mintzola Ahozko Lantegiko zuzendaritzako kideak eta Oihana Aranburu Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzaileak eskaini zuten atarikoa: proiektu soziokulturalean dokumentazio zentroak duen garrantzia azpimarratu zen, ondarea babesteko, biltzeko eta herritarren eskura jartzeko egitekoan ezinbestekoa baita; eta, herritarrei ondare horren bilaketa errazteko asmoz emandako pausoak ere azaldu ziren.
Liburubila egitasmoa aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendariak, Mikel Aizpuruk, eta erakundeko Liburutegi Zerbitzuko arduradunak, Francisca Pulgarrek; irakurleei liburutegietako mailegutza informazioa erraztea du helburu, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eLiburutegia eta Liburuklik atarietako emaitzak erakusten ditu. Kudeatzen duen ondare artistikoari loturiko edukiak herritarrei eskaintzeko, Artium museoak diseinatutako zerbitzua aurkeztu zuen Elena Roserasek, museoko liburutegi arduradunak. Marie-Andrée Ouretek, Baionako Mediatekako Euskal Funtsen Proiektuko arduradunak, 2015ean sortutako Bilketa.eus egitasmoa azaldu zuen: 20 liburutegitako datu baseetatik elikatzen da biltegi lana egiten duen gordailua, eta garai bateko euskarazko dokumentuak topa daitezke bertan.
Esperientzia horiek entzunda, garapen teknikoa izan zuen mintzagai Aitor Maritxalarrek, dokumentazioan espezializatutako informatika garatzaileak. Solr bilaketa bateratutako motorearen ezaugarriak azaldu zituen, baina baita atari batek bilatzaile bat garatzerakoan aintzat hartu behar dituenak ere.