Birziklatze kanpainaren bigarren fasea aurkeztu du Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2019ko mai. 14a, 14:35

Gaikako bilketari dagokionez, Amasa-Villabona Tolosaldeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik daturik hoberenak lortu dituen herria da.

2018ko irailean "Kolore kolore" izeneko sentsibilizazio kanpaina jarri zuen martxan Amasa-Villabonako Udalak. Gaur eguerdian kanpaina horren bigarren zatia aurkeztu dute, eta lehenengo faseak utzitako zenbait datu ere eman dituzte.

Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak, jasangarritasunari eta ingurugiroaren defentsari lotuta, herrian egin diren ekimenen berri eman du, eta adierazi duenez, "udal ibilgailuak berritu dira, kotxe hibrido GLP-Gasolina motorduna erosi gutxiago kutsatzen duena, eta hemendik gutxira obretako brigadarentzako ibilgailu elektrikoa iritsiko da. Ibaien errekuperazioari dagokionez, Udalaren apustua Oria ibaitik presak kentzea izan da, lehenengoz urte askoan izokinak Villabona eta Tolosara iristea ahalbidetu duena".

Argiteria publikoari dagokionez, udan energia aurrezpenean eta jasangarritasunean oinarritutako sistema berria ezarriko dela esan du alkateak. Horri lotuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko tailerretan parte hartuko dutela ere adierazi du, "etxeetako argi kontsumoa modu arduratsuan egiteko".

Gaikako bilketan lehenetakoak
Tolosako Mankomunitateak gaikako bilketaren inguruan jarritako helburuak soberan betetzen dituela Amasa-Villabonak adierazi du Eneko Urdangarin zinegotziak: "Atez atekotik bosgarren edukiontzira igaro ginenean %70 birziklatzearen konpromisoa hartu genuen; otsaileko datua %81ekoa izan da eta martxokoa %78 pasatxo". Hala ere, markaturiko datuak hobetzen saiatu behar delakoan da zinegotzia, eta horretarako Amasa-Villabonako bizilagunen laguntza jasotzea espero du.

Ondoren, kanpainaren bigarren fasean aurrera eramango diren bost ekimenen berri eman du. Birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko, "Zaindu maite duzuna" sentsibilizazio bideoa zabalduko dute [Bideoa ikusi]. Sare sozialetan ezagun egin den Mr. Euskaldun pertsonaia agertzen da bideoan, eta musika eta ahotsa, berriz, Kattalin Zubizarretarena da. Bigarren puntu gisa, beirazko pitxerrak banatu dira herriko taberna, jatetxe eta elkarteetan plastikozko ontziak murrizteko asmoz. "Zenbait jatetxe eta elkartek beren oniritzia eman dute kanpainan parte hartzeko", dio Urdangarinek.

Herritarren proposamen gisa, pedalak ipiniko dira edukiontzi marroietan eta grisetan. Bestalde, informazio pegatinak ipiniko dira edukiontzi horian edota berdean, tartekatuz. Zinegotziak azaldu du hondakin handien kasuan egun, ordu eta lekuz kanpo ateratzen direla hondakinak. Horregatik ipiniko dira informazio pegatinak hondakin handiak zein egunetan eta ordutan atera daitezkeen jakiteko. "Gainontzean, Andoaingo eta Tolosako garbigunera eraman daitezke hondakin handiak, doakoa da", azpimarratu du.

Azkenik, telazko poltsa berde gehiago banatuko direla ere esan du Urdangarinek herriko hainbat dendekin elkarlanean, beti ere behin bakarrik erabiltzen diren plastikozko poltsak ekiditeko helburuarekin.

Hurrengo pausoak
Herriko gune ezberdinetan edukiontzi bereziak ipiniko dira, hala nola bonbillak, telefono mugikorrak, kargatzaileak, erradiografiak, bateria txikiak, botoi-pilak... jasotzeko. Horrez gainera, ekimen solidario baten berri ere eman du alkateak: "Hainbat gai solidarioei laguntza emateko ekimen batean pentsatzen ari da Udal Gobernua, edukiontzi dekoratiboak ipiniz plastikozko tapoiak bertan botatzeko".

Argazkia: Amasa-Villabonako Udala.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!