Manu Muriel memoriala ospatu dute Arratzainen

Aiurri 2019ko eka. 1a, 16:44

5 urte bete dira Manu Muriel hil zenetik, zehazki 2014ko maiatzaren 14an. Bera omentzeko memoriala ospatu dute Billabonako Futbol Elkarteko jokalariek, familiak, lagunek eta lankideek.

10:00etan hasi dira futbol partidak Alebin mailakoen sailkatze fasearekin. Egurdian geldialdia egin eta lore eskaintza egin dute. Jokalariak desfilean joan dira Murielen omenez egin zen monolitoraino, taldearen bandera aurrean zeramatelarik. Monolitoaren ondoan, lore-sorta ipini die bi jokalarik.

Memorialean alebin mailako 12 taldek hartu dute parte, hala nola Danena, Euskalduna, Vasconia, Tolosa, Añorga, Urnieta, Ostadar, Astigarragako Mundarro, Mariño, Zarautz, Billabona A eta Billabona B. Mikel Elizagi Billabona Futbol Elkarteko arduradunak azaldu duenez, "memorialaren bitartez taldeko gaztetxoenei Manu Muriel nor zen azaltzeko aprobetxatu dugu".

Elkarteari dagokionean indartsu dagoela aitortu du Elizegik: "Futbol eskola sortu dugunetik 200 haur eta gazte edukitzera iritsi gara. Gustora eta harro gaude egiten ari garen lanaz eta elkartzen ari garen gazte kopuruaz". Taldean izena eman nahi duten guztientzako ateak irekita daudela gehitu du, baita futbol talde berriak ere.

Arratsaldean ere partidak jokatzen ari dira. 16:00etan hasi dira kanporaketak. Finala 19:00etan izango da eta sari banaketa 19:45ean.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!