Senidetze eguna ospatu dute El Salvadorreko lagunek eta Aiztondoko herriek

Aiurri 2019ko eka. 1a, 18:14

Pedrina Rivera, Walter Claros eta Esmeralda Flores etorri dira El Salvadorreko Segundo Montes komunitatetik senidetze eguna ospatzera. Astebete pasatxo daramate Zizurkilen eta inguruko herriak nahiz ikastetxeak bisitatzeko aprobetxatu dute.

Senidetze egunari eguerdiko hamabietan ekin diote Amasa-Villabonako Udalak eginiko harrera instituzionalarekin. Ondoren, Oinargi dantza taldearen txanda izan da, eta El Salvadorretik etorritako ordezkariei dantza saioak eskaini dizkiete. Ordubatetan herritarrekin batera ongi etorria egin zaie Berdura plazan. Bertan aukera eduki dute Pedrina Riverak, Walter Clarosek eta Esmeralda Floresek zenbait hitz esateko.

Ekitaldiaren ostean, bazkaria eduki dute Berdura plazan, eta horrelaxe eman die amaiera aurtengo senidetze egunari.

Erreportajea datorren hamaboskarian
Aiurriren 640. alean Riverak, Clarosek eta Floresek beren herrietako egoerari, bizi-baldintzei eta lortutako zerbitzuei buruz hitz egingo dute. Ekainaren 6an egongo da irakurgai hamaboskaria harpidedunentzat etxean edota ez direnentzat ohiko saltokietan, hala nola Amasa-Villabonako Basajaun liburu-dendan eta Amasa kafetegian, Zizurkilgo Ogi-zuri kafetegian edota Andoainen Ernaitza eta Stop liburu-dendetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!