Proiektu sariak eta ikerketa kontratua esleitu ditu Mintzola Ahozko Lantegiak

Aiurri 2019ko eka. 3a, 09:55

Argazkia eta testua: Mintzola Ahozko Lantegia.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak esleitu dituzte ahozko kultur sorkuntza aztertzeko ikerketa sariak: 2.000 euroko bi proiektu sari zituzten banatzeko eta hiru urte gehiagoz luza daitekeen urtebeteko ikerketa kontratu bat. Azken honek UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Arloko Errektoreordetzen babesa ere badu. Oihana Iguaranen proiektuak jaso du ikerketa kontratua, eta Jon Gurrutxagaren eta Kepa Matxainen lanek eskuratu dituzte proiektu sariak.

Bertsoaren Agenda. Agenda Setting-ak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina proiektuak eskuratu du Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza Arloko Errektoreordetzek esleitutako ikerketa kontratua. Oihana Iguaran Barandiaranek aurkeztu du; bertso bidezko diskurtsoak zein agenda duen deskribatzea da asmoa, prestakuntza edo entrenamendu unetik jendaurreko azken bat-bateko jardueraraino ikertuz. Txapelketa eta plaza irekiko jarduna behatuko da batetik; bestetik, bertsolari eta gai-jartzaileen lanketa ezagutzeko, inkestak eta sakoneko elkarrizketak baliatuko dira.

Ikerketa kontratua UPV/EHUn gauzatuko du Iguaranek; urtebeteko kontratua da esleitu zaiona, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Kontratu honetaz gain, 2.000 euroko bi proiektu sari ere esleitu ditu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak: Jon Gurrutxaga Urbietaren Nazio-identitatea, nazio-gatazka eta diskurtsoaren bilakaera Bertsolari Txapelketa Nagusian (2001-2017) lanarentzat izan da sarietako bat, eta Kepa Matxain Iztuetaren Ahozko hizkeraren balioa bertso kanonaren eraikuntzan: Xabier Amurizatik Maialen Lujanbiora (1980-2017) proiektuarentzat, bestea.

Gizarte aldaketek eta diskurtsoen bilakaerek bertsoetan nolako eragina izan duten aztertuko du Gurrutxagak; bereziki, nazio identitatea eta gatazka aintzat hartuta. Bestalde, nazio gatazkaren inguruko bertsoetan genero diskurtsoak zer nolako eraldaketa izan duen aztertuko du. Matxainek bertso kanonaren eraikuntzan ahozko hizkerarekin lotutako baliabideen pisua zein den ikertu nahi du, eta, horretarako, bertso zehatzei baino gehiago erreparatu nahi dio bertsoek edukitako harrerari.

Mintzola Ahozko Lantegiak bertsolaritzaren eta gainerako ahozko kultur sorkuntzaren ikerketa eta haren hedapena hauspotzen jarraituko du unibertsitateekin elkarlanean; besteak beste, oraintxe martxan diren Bertsolamintza eta UPV/EHUko Uda Ikastaroetarako antolatutako Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak eskola horren adierazle.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!