Abian da Santio jaietan kontzertuko taldea(k) aukeratzeko bozketa

Aiurri 2019ko eka. 3a, 10:08

Uztailaren 26an, ostirala, kontzertua izango da, Santio jaietako Gazte Egunaren barruan. Aurten, aurreko urteetan bezala, herritarrek kontzertu horretan parte hartuko du(t)en taldea(k) aukeratzeko aukera izango dute Internetez egingo den bozketa bidez.

Musika-taldearen aukeraketa bi fase desberdinetan burutuko da:

Lehen fasean, taldeak proposatzeko aukera izango dute herritarrek, baldin eta Amasa-Villabonan erroldatuta badaude eta 2005 urtean edo lehenago jaioak badira. Horretarako, talde baten izena proposa dezake herritar bakoitzak ondoko e-mailera idatzita: kontzertubozketa@gmail.com. Taldeak proposatzeko epea maiatzaren 31n hasi eta ekainaren 4an 00:00etan bukatuko da. Herritar bakoitzak behin bakarrik proposa dezake talde bat (ez gehiago), bere izen-abizenak emanda.

Behin proposatutako talde guztiak dituztenean, talde bakoitzak ondoko bi baldintza hauek betetzen ote dituen egiaztatuko dute kultura saileko arduradunek:

  1. Uztailaren 26an Villabonan jo ahal izatea.
  2. Ekintza horretarako jarri den udal aurrekontuan sartzea.

Bigarren fasea ekainaren 7an hasi eta ekainaren 10eko 00:00etan bukatuko da, eta bertan  bi baldintza horiek betetzen dituzten proposamenen artean bozkatu beharko da. Dena den, talderen bat proposatu duten guztioi gogoraraziko diete berriz ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!