Harkaitz Canok 111 Akademia Saria jaso zuen Hika txakolindegian

Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa, 2018ko libururik gogokoena izendatu dute 111 Akademiako kideek eta 111 Akademia Saria jaso zuen idazle lasarte-oriatarrak atzo, Amasako Hika txakolindegian. Bitxikeria gisa, 111 lagun gerturatu zen ekitaldira.

Olatz Prat, Josune Marin, Joxan Goikoetxea eta Txema Garcesek eskainitako doinu goxoekin ekin zitzaion atzo iluntzean 111 Akademia Saria ekitaldiari, zerua urdin, Hika txakolindegia kokatuta dagoen Amasako paraje ederrean. Eleberri sarituaren hainbat pasarte irakurri zituzten akademiakideek ekitaldian zehar: Amaia Agirrek (Amasa-Villabona), Roberto Serranok (Sopuerta), Elixabet Masek (Deba) eta Julen Garatek (Azkoitia).

Jon Unanue 111 Akademiako buruak, musikariei eskerrak eman zizkien euren ahalegin eta eskuzabaltasunagatik eta hogeita hirugarren sarialdia hartu zuen hizpide. Hasierako urteetan Beterriko Liburua saria izan zena, azken urte hauetan 111 Akademiaren sari bihurtu dela azaldu zuen, Euskal Herrian barrena banatzen den egiturarekin, egun 200 akademiakidek osatzen dutena. “Hona 111 Akademiaren ekimen hau, xumea baina hogeita hiru urtez etenik gabe eta arazo ugari gaindituz Euskal Herri osora zabaldu duguna. Baten batek pentsa lezake 200 akademiakidekoa kopuru txikia dela, apala, Euskal Herri osoko literaturazaleak elkartzeko, islatzeko, ordezkatzeko; eta hala da, guk nahi genukeena eta, batez ere, hasieran itxaroten genuena baina askoz ere apalagoa”.

Azken urte hauetan euskal literaturak sorkuntza mailari dagokionez urrezko aroa bizi duela adierazi zuen Unanuek, baina kezkaz ikusten dutela irakurle kopurua, “badakigu lan handia dagoela irakurzaletasuna sustatzeko, eta bereziki, euskarazko literaturaren –jatorrizkoaren eta itzulitakoaren– sustatzeko eginkizuna dugula”. Gazteak irakurzaletzeko buruan darabilten asmoen berri ere argitu zuen, “gure liburudendak liburuz lepo daude, baita gure gailu elektronikoak ere, baina ez dirudi horrek euskal irakurlea euskal literaturaren alorrera behar beste hurbilarazten duenik. Horregatik eutsi nahi diogu 111 Akademiaren apustu honi, eta eutsi nahi diogu zabaldu nahi eta ezin ditugun adar guztietan. Gure aurtengo ahalegina, urrutira joan gabe, 111 Akademiaren harrobia sortzea izango da, 111 Akademia Gaztearen Saria sortuz Euskal Herriko ikastetxeetan, 14-17 urte bitarteko gazteei zuzendua”.

2018ko libururik gogokoena aukeratzeko, hiru bozketa txanda egin dituzte. 102 akademiakidek hartu du parte aukeraketa prozesu horretan eta Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa eleberria izan da irabazle. Katixa Agirreren Amek ez dute eleberriarekin batera iritsi zen azken fasera.

Jon Unanuek, hiru akademiakidek Fakirraren ahotsa eleberriaren inguruan igorritako  iritziak irakurri ostean, Ainara Maya akademiakideak eleberri irabazlearen larruz koadernaturiko alea eman zion, sari gisa, Harkaitz Canori, eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari berria den Ariane Obinetak, berriz,  sariaren agiria. Bertaratuen txalo zaparradaren ondoren, hitza hartu zuen Harkaitz Canok.

Harkaitz Cano
Bakartia ematen duen idazlearen lana hain bakartia ez dela adierazi zuen atzokoan Harkaitz Canok. Bi albiste entzun zituela irratian goizeko albistegian kulturarekin eta literaturarekin lotuak. Otto Petteren irakurketa jarraitua batetik, “eta irakurketaren jarraipena da hau, nolabait irakurketak eskatzen duen jarraipena eskatzen duelako. Liburuak multiplikatzen dira eta historia interpretatzen da, harritzen du irakurlea eta idazlea, eta hori da beharbada gure lanari zentzua ematen diona; irakurketa jarraituak eta nola liburu batek urteekin eta kontestuaren arabera hartzen duen esanahi bat edo beste irakurle baten edo bestearen begietan eta buruan”. Bigarren albistea ez zen hain baikorra: Eako poesia egunak ez direla gehiago egingo, hain zuzen. “Nire omenaldi txikia egin nahi diet Easo lagunei, urte hauetan guztietan poesiarekin egin duten lanagatik. Irakurleak beharbada ez du sariz hainbeste saritzen poesia, baina poesia irakurlea oso irakurle lehiala da, itzultzen den irakurlea. Irakurle hori da beharbada preziatu behar den irakurlea”, adierazi zuen.

Fakirraren ahotsa nobelari esker aurkitu dituen irakurle motak zerrendatu zituen gero, tartean sorpresa onak eta ez hain onak topatu dituela esanez. “Irakurle mota bat liburuan sartzea kostatzen zaiona da, hariaren bila dabilena. Beste bat, bukaera gustatzen ez zaion irakurlea da, aldatu egingo liokeena. Nahiko rekurrentea izaten da hori nire liburuekin eta asumitu dut halako resignazio kristau batekin. Badago baita ere, liburura linterna batekin sartzen dena eta basoan irakurtzen duena, ezkutuan, ixil-ixilik. Badago soinu-banda entzuten irakurtzen duena eta entzuten duen soinu-banda gehiago gustatzen zaiona irakurtzen ari den liburua baino. Hori ere erabat zilegia da. Badago lerro artean irakurtzen duena eta lerroetan dagoena ez zaiona hainbeste interesatzen. Badago delegaziozko irakurlea deitzen diodan hori, ‘nik ezin zaitut irakurri alfabetatu gabe nagoelako, baina nire seme-alabek egunen batean irakurriko zaituzte’ esaten duena. Iritzi emaile diferitua ere badago; irakurle oso inkietantea da, pixka bat mehatxugarria delako: ‘Irakurri diat hire liburua, hitz egingo diagu’ esaten dizuna… Badago beste bat, irakurle sindikalista. ‘A ze lana egin duan, e? Zenbat ordu, ezta? Eta zenbat esaten duk jasotzen duala, egile eskubideen %10? Ze injustizia! Hau aldatu beharra dago’ esaten dizuna. Badago bere burua pertsonaiarekin gehiegi identifikatuta ikusten duen irakurlea eta badago kontrakoa ere: bere burua ez duena aski identifikatua sentitzen. Badago irakurlea pentsatzen duena ez duela topatu berak nahi zuena, eta berak nahi zuena ez topatzea gehiago gustatzen zaiona espero zuena topatu izana baino. Eta badago kontrakoa, berak espero zuena topatu ez, eta zakur amorratua hezur batekin bezala, hor geratzen dena, aurrera egin gabe. Badago irakurle gourmeta deitzen diodana ere eta hau ere oso ugaria izan da Fakirraren ahotsarekin. Irakurle gourmeta irakurketa gazi-gozoa egin zaiola esaten duenari deitzen diot. Irakurketa gozorako bai baitaude Arreseneko mantekilla bolloak Bilbon. Eta gero, badaude beste hainbat eta hainbat irakurle, hemen ikusten ditudanak eta denei ematen dizkiet eskerrak, ni ere irakurle guzti horietako bat izan naizelako momenturen batean. Beraz, mila esker bihotzez”.

Idazlearen hitzen ostean, berriz ere musika doinu goxoak entzuteko aukera izan zen eta ekitaldiari amaiera emateko, Hika txakolindegiko txakolinaz gain, bertako sukaldari Roberto Ruizek prestatutako zizka-mizkak dastatu ahal izan ziren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!