"Harrituta eta pozik gaude Habi izaten ari den harrerarekin"

Aiurri 2019ko eka. 26a, 09:29
Yerai Gascon eta Jon Ander Artola Habi musika taldeko bi kideak. Argazkia: Habi.

Jon Ander Artola baterian eta Yerai Gascon gitarran eta ahotsean aritzen dira. Lehen kontzertua Donostiako Doka Antzokian eskaini berri dute, Olatukoop festaren baitan.

Ekainaren 7an aurkeztu zenuten diskoa, eta dagoeneko Gazteako bideo onenen artean zaudete “Badakit” izeneko lehen singlearekin. Pozik al zaudete, eduki duen harrerarekin?
Jon Ander Artola: Gure gertukoek nahiz musika munduari lotutako jendeak zoriondu eta diskoa nahiz singlea asko gustatu zaiela adierazi digute. Harrituta eta pozik gaude.
Yerai Gascon: Ez genuen  horrelako harrera espero. Izugarria izaten ari da. Gure lanaren berri eman dugun hedabideek gure berri eman dute; esaterako, Badok, Gaztezulo, Gaztea… moduko hedabideetan ipini dute "Badakit" singlea.

Nolatan elkartu zarete disko bat sortzeko?
J. A. A.: 2018an sortu zen Habi taldea. Hasieran lau ginen, baina bi lagunek ezin izan zuten aurrera jarraitu beste proiektu batzuk zituztelako. Yerai eta biok lokalean elkartu eta 'orain zer?' esan genion elkarri. Bien artean sortu zen konexioa eta musika sortzeko erraztasuna ikusita aurrera jarraitzea erabaki genuen.

Zortzi abestiz osatu duzue "Loratu" izeneko diskoa. Nola deskribatuko zenukete?
Y. G.: Kantu guztiek oso letra gogorra dute. Ez da ezer alaia kontatzen, dena txarra da. Bizitzan gertatu zaizkigun  bizipenen inguruan hitz egiten dugu.
J. A. A: Diskoa osorik entzunda, intentsitate ezberdineko uneak daude: zati gogorrak, melodikoak, lasaiak… Beti ere, gure nortasuna islatzen dutenak.

"Loratu" diskoaren izena izateaz gain, izen bereko kantu berezi bat baduzue, Jon Ander...
J. A. A: Amonari omenaldi txiki bat egiteko gogoa sartu zitzaidan, orain dela gutxi joan baita. Letra idatzi nuen eta ondoren musika sortu genion. Niretzat, pertsonalki, oso kantu berezia da. Hunkitu egiten nau. Urte hauetan guztietan amonarekin bizi izan ditudan esperientziak kantu batean bildu ditugu. Musikaz omenaldia egitea oso ederra da.

Yerai nolakoa izan da kantuak sortzeko prozesua?
Y. G.: Lanean idatzi ditut kanturik gehienak. Entseguaren aurretik zerbait idatzi, jo eta lokalera joatean, Jon Anderrek buelta ematen zion kantuari. Oso erraza izan da.
J. A. A.: Erraza bai, baina orduak eta orduak sartu ditugu. Orain ohartu gara disko baten atzean dagoen lanaz.

Nola heldu zarete Elkar estudioetan grabatzera?
Y. G.: Luma musika taldeko Adrianek aurkeztu zidan Victor Sanchez ingeniaria. Victorri gure grabazio batzuk erakutsi nizkion eta grabatzeko data noiz jarriko genuen esan zigun. Berarengatik grabatu dugu diskoa Elkar estudioan.

Non eskura daiteke "Loratu" diskoa?
J. A. A.: Laster jarriko dira salgai herriko bizpahiru tabernatan, Basajaun liburu-dendan edota Kaori dendan; baita, habi.eus webgunean ere.

Habi musika taldekoen diska Sandra Garaioak diseinatu du. Argazkia: Habi.
 
Habiri buruzko berriak: Habi.eus webgunean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!