Goizean zehar, Gipuzkoako ikastoletako ordezkariek, Kilometroak jai berria definituz, partaidetza, komunikazioa eta ekonomia gaiak hizpide izan dituzte kafe tertulia formatuan, Subijana etxean egin den topaketan. Eguerdian, gaurko egunerako prestatutako Gipuzkoako ikastolen adierazpena irakurri eta, 2020. urtetik aurrera, Kilometroak jaia ondorengo ezaugarrien arabera antolatuko dela iragarri dute:
- Gure jendartea euskalduntzeko hezkuntza eremutik (formala zein ez formala) garatu behar diren bideen defentsa eta aldarrikapena sustatzeko Kilometroak jaia antolatuko dugu.
- Euskara eta Euskal kulturaren defentsan, ikastolok, herriari onura soziala sorraraziko dion ekimenekin Kilometroak jaia antolatuko dugu.
- Jaia da Kilometroaken eremu naturala. Jaia gozagarri, osasungarri eta errespetagarri izateko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu; hots, ludikotasuna bultzatzeko Kilometroak jaia antolatuko dugu.
- Kilometroak Gipuzkoako ikastola guztien jaia da. Gipuzkoako ikastola guztiak inplikatuz, urte osoan zehar hedatuko diren ekimenez Kilometroak jaia antolatuko dugu.
- Partizipazioan oinarrituko den Kilometroak jaia bi norabidetan antolatuko dugu: Batetik, "Ikastolak harrobi kulturala" ekimenaren bitartez, Gipuzkoako ikastola guztien partizipazioa bermatuko duen Kilometroak jaia antolatuko dugu. Bestetik, "Ikastola plazara" ekimenaren bitartez, Euskal Herriko eragile ezberdinekin batera hainbat ekimenez Kilometroak jaia antolatuko dugu.
- Gipuzkoa gaindiko beste herrialdeekin batera, Euskal Herriko naziotasuna islatuko duen Kilometroak jaia antolatuko dugu.
- Auzolanaren filosofia eta kontzientzia garatu eta indartuko duen Kilometroak jaia antolatuko dugu.