EAJ-PNVk euskara araudia errespetatzeko eskatu dio alkateari

Aiurri 2019ko uzt. 9a, 14:27
Amasa-Villabonako EAJ-PNVko Patxi Agirre eta Maite Izagirre zinegotziak, ekainaren 15eko Udal osaketan.

Amasa-Villabonako EAJ-PNV Udal taldeak alkate berriari euskara sustatzeko araudia betetzerakoan zorrotza izan dadila eta arau horrek dioena egoera guztietan errespetatzeko eskatu dio ondorengo oharraren bidez.

Talde jeltzalearen eskaera alkatetzatik zabaldu den bandoari dagokio, non Beatriz Unzuek euskarazko testua tamaina handiagoan eta nabarmenduta joan behar dela azaltzen duen araua ez baitu bete.

EAJ-PNVri tamalgarria iruditzen zaio aurreko legealdian oposizioaren kontra euskara arma bezala erabili zuten haiek, polemika faltsuak erabiliz eta EH Bilduko militanteek Maite Izagirre, orduan alkatea zenaren kontra irainak eraginez, orain lehenengoak izatea ustez defendatzen duten araua apurtzen.

EAJ-PNVko zinegotziek, aurreko legealdian gertatu zenarekin alderatuz, oposizio eraikitzaile, sendo eta zehatz baten alde egingo dute, eta horretarako, demokratikoki onartuak izan diren arauak eta planak denok errespetatu eta betetzeko daudela gogorarazi nahi diote alkateari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!