Errebote plazan egin zuen prentsaurrekoa atzo arratsaldean Villabonako Udalak herriko elkarteen eta taldeen konpainian. Kalera atera zituzten erraldoiak, buruhandiak eta ipotxak, eta herriko txikienak gustura egon ziren beraiekin jolasean.
Beatruiz Unzue Villabonako alkateak eskerrak eman dizkie jaiak antolatzen aritu diren herritarrei eta elkarteei: Herritarrek eta herriko elkarteek bolondres gisa, musu-truk eta auzolanean egindako ekarpenik gabe, Santio jaiak ez lirateke posible izango". Santio jaien ezaugarririk garrantzitsuena herrikoiak izatearena dela gehitu du, eta horrela izateko lanean jarraituko dutela.
Bere hizketaldia amaitzeko kultur teknikaria den Joxean Kuberori eskerrak eman dizkio jaien antolaketan egin duen lanagatik. Kuberok azaldu ditu jaietako xehetasunak.
Herri afarirako eta kuadrillen bazkarirako izen-emateak
Herri afarian nahiz kuadrillen bazkarian izena emateko azken eguna uztailaren 22ko eguerdia da. Horretarako bi bide daude:
- Posta elektronikoa: herriafaria24@gmail.com / etxeondobazkaria@gmail.com
- Zuretzat bulegoan: 09:00etatik 12:00etara.
Bi otordu horietan izena emateko kuadrillaren izena eta lagun kopurua ipini behar dira. Urtero bezala, txupinazoan bertan egingo da zozketa kuadrilla bazkariko mahaiak eta aulkiak hartzeko ordena.
Eguraldi txarra egingo balu, kuadrila bazkaria Txermingo ikastolan egingo litzateke. Zalantzazko eguraldiaren kasuan, herri asanblada egingo da egunean bertan, uztailaren 30ean, Berdura plazan, eta bertan erabakiko da non egingo den bazkaria.