Ongi etorri goxoa eskaini zaie Saharako haurrei

Ainhoa Arozena 2019ko uzt. 20a, 09:08

Atzo arratsaldean, ongi etorri goxoa eskaini zitzaien Oporretan Bakean elkartasun programaren baitan, Tolosaldean uda igaroko duten 27 haur sahararrei. Oinargi dantza taldeko kideek dantza emanaldi polita eskaini ondoren, udaletxean harrera egin zieten Tolosaldeko hainbat Udal ordezkarik, tartean Amasa-Villabona, Zizurkil eta Asteasuko alkate eta zinegotziek.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak, eskerrak luzatu zizkien Saharako haurrak etxean hartzeko urratsa eman duten harrera familiei eta sekulako lana egiten duten Tolosaldea Sahararekin eta Maiatzak 20 elkarteetako lagunei.

Saharar herria herri zanpatua dela, lehenik Espainiak eta ondoren Marokok kolonializatutako lurraldea dela eta giza eskubideen zapalkuntza sistematikoa sufritzen duela adierazi zuen Unzuek: "Saharar herriari beren lurra lapurtu zioten eta bertako herritarrak errefuxiatu kanpamenduetan egon beharrean aurkitzen dira, desertuaren erdian eta egoera humanitario kaskarrean. Saharar herriaren arazoa, arazo politikoa da eta ezin dugu ahaztu Espainiar estatuak duen ardura historikoa, potentzia kolonizatzaile gisa". Saharar herriak duen autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuen alkateak, "arazo politiko honen ondorioz elkartu gara gaur hemen, saharar errefuxiatu kanpamenduetatik datozen haurrei eta Oporretan Bakean programari gure sostengua eskaintzeko". Saharar herriaren ordezkari zilegia den Frente Polisarioari errekonozimendu eta babes osoa eskainiz amaitu zuen Unzuek bere hizketaldia.

Jarraian, Saharako nahiz bertako herritarrak kalejiran joan ziren Zizurkilgo Ugare auzora. Bertan, Oria merkatarien elkarteak antolatutako itsasontzi solidarioen lasterketa gauzatu zen. Zubimusu eta Erniobea ikastetxeetako gazteek egindako 2000 paperezko itsasontzi jaurti ziren Oria ibaira eta lehen 20 postuetan helmugaratu ziren itsasontzien jabeek sariak eskuratu zituzten. Besteak beste, Itziar Gaztañetaren itsasontzia iritsi zen lehen postuan eta sagardotegian afaria eskuratu zuen. Onddo Gazte Asanbladako kideak arduratu ziren ibaia lehen bezain txukun uzteaz; helmugaratutako itsasontziak biltzeaz. Ekimen honen bidez lortutako dirua, haur sahararren aterpeko egonaldia ordaintzeko baliatuko da; izan ere, etorritako haur guztiak etxean hartzeko adina familia ez baita bildu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!