Uztailaren 24an lehertuko dira Santioak Villabonan. Txupinazoa botatzearen ardura Aniztasunean Lagun boluntario taldearena da. Helburua beren lana herrian ezagun egitea da, eta ahal dela herritarrak ere animatzea boluntario gisa atzerritik etorritako ikasleei errefortzu klaseak ematera. Beren lana gertuagotik ezagutzeko ondorengo idatzia prestatu dute:
Aukerez beteriko eskola
Eskolak mundu txikiak dira eta ordu batzuetan zehar errealitate ugari barnebiltzen dituzten elkarbizitzarako espazioak dira. Ikasle bakoitzak kultura bat edo gehiago du/ditu atzean, hizkuntza bat edo gehiago, munduari begiratzeko ikuspegi ezberdinak, bizimodu anitzak, egoera eta iragan ezberdinak... Kolore asko dago ikastetxe guztietan, pertsona adina kolore seguruenik, baina Fleming Herri Eskola bereziki da koloretsua.
20 jatorri baino gehiago, hainbat erlijiotako ikasleak eta egoera sozioekonomiko ezberdinak dituzten haurrek ikasten dute gure eskolan: algeriarrek, nigeriarrek, senegaldarrek, sahararrek, brasildarrek, nikaraguarrek, marokiarrek, hondurastarrek... Arrazoi ezberdinengatik utzi zituzten atzean herriok eta egun euskal herritarrak dira. Haur askok, neurri handi batean, gure eskola hartu dute lurrarekiko lotugune. Euskal Herria anitza da, eta Flemig Herri Eskola da horren isla, bai jolastokian eta bai geletan gertatzen dena ere.
Denboran atzerago hasi zen dena, Flemingo eta Erniobeako Guraso Elkarteek egin zuten proposamena, eta hainbat herritarrek onartu. Badira zortzi urte beharrezko arreta eta hezkuntza-errefortzuak behar dituzten haurrekin lanean hasi ginela. Hori dela eta, 16-18 boluntario inguru gaude haurrei ahalik eta hezkuntzarik onena emateko helburuz, eta gainera, euskaraz.
Erronka handia izan da, ezberdina. Hasiera guztietan bezala ez da erraza izan; baina guztiok berdina diogu: prozesu guztia esperientzia oso positiboa bilakatu da. Argi daukagu etorkizuneko gizartea eskolatik hasten dela, eta gakoa aukera berdintasuna bermatu behar duen eskola publikoan dagoela.
Aniztasunean Lagun taldeko boluntariook Fleming Herri Eskolako geletan erakusten dugu, astean behin, gozo egon daitekeela elkarrekin hezkuntza eta euskara ardatz dituen proiektu amankomunean. Horrela, boluntarioen laguntza taldeak, gizarteak ezartzen dituen berdintasun ezari aurre egin eta zailtasunen gainetik emaitza akademikoak hobetzea eta euskara erakustea ditugu erronka nagusiak. Lan inklusiboa eta berritzailea egiten duen eta gizartera egokitutako abangoardiako eskola sortzen ari gara Amasa-Villabonan. Eta elkarbizitza koloretsua, berriz, gure arteko altxorra.
Badira gurekin batera proiektuari forma ematen dioten aktore garrantzitsuak, programaren protagonista nagusiak. Egunero euskaraz ikasi eta euskararen erabilera indartzen ari diren haurrak: buruketak euskaraz eginez, liburuak euskaraz irakurriz, euskaraz zenbatuz eta euskaraz mintzatuz. Bejondeizuela!
Aniztasuna eta euskara dira gure eguneroko errezetaren osagaiak; elkarbizitza bultzatuz maitasun dosi handiekin ikasiz eta irakatsiz, aukerez beteriko eskola sortuz Amasa-Villabonan.
Ondo pasa jaietan!
Gora Santioak!
Eta gora erroskila!
Irakastera animatzeko deia
Aniztasunean Lagun taldean 16-18 boluntario inguruk egiten du lan musu-truk jatorri ezberdinetako gazteei eskola errefortzuko klaseak ematen. Fleming Herri Eskolako eta Erniobeako Lehen Hezkuntzako ikasleak dira gazte horiek; 30 inguru.
Aniztasunean Lagun boluntario taldetik adierazi dutenez, "boluntarioen beharra dugu. Ezin izan ditugu ikasle guztiak hartu, gauden boluntarioekin ez garelako ikasle gehiago hartzera iristen".
Ikasle kopurua handitzen doa eta taldetik herritarrak klaseak ematera animatu nahi dituzte. "Ez da profesioz irakasle izan beharrik; euskara jakitea, gogoa eta kultur jakituria apur bat duen edonor izan daiteke irakasle gure taldean".
Eskolan bidaltzen dizkieten lanez gain, irakurri ere egiten dute, baita karta-jokoetan jolastu ere, horrela matematikak praktikatzeko.
Ikasleak errefortzu klaseetara oso gustura etortzen direla adierazi dute, eta "sekulako besarkadak eta musuak" banatzen dizkietela klasean nahiz kalean topatzen direnean.