Nondik dator Hazparneren aurka jokatzearen ohitura?
Iñaki Otaegi: 1930. urtean Teodoro Hernandorenak Villabona eta Hazparne herrien arteko partida antolatu zuen desafio gisa. 1931. urtean ospatu zen lehendabizikoa, eta geroztik 90 urteko jarraipena eduki du.
Herriak errebotearekiko duen zaletasuna galdu al da?
Karlos Sorondo: Egun kirol aukera gehiago dago. Orain dela hamar urte Oiartzun batu zen errebotera, lehendik Villabona eta Zubieta soilik geuden. Iparraldean ere jaitsi egin da errebotearekiko zaletasuna. Jende gehien finaletara hurbiltzen da.
I. O.: Nabamen galdu da, bai taldetan bai kopurutan. Villabonan 1975ean ospatu zen erreboteko txapelketan bost taldek hartu zuten parte, gutxienez 25 pertsonek. Egun talde bakarra dugu, seniorra. Garai hartan Gipuzkoa mailan 18-20 taldek jokatzen zuen; egun, berriz, hiruk baino ez. Horrek erakusten du ez dela Villabonaren kasua bakarrik, orokorrean, kirolak berak galdu du, baita iparraldean ere.
Horrenbeste talde ez egotean, Villabonako taldearen errendimendua jaitsi egin da atzera begiratzen badugu. Euskal Herri mailan puntista profesional gehien eman dituen herria da Villabona. Talde eta konpetentzi gehiago zegoen lehen, maila ere handia zen eta txapel gehiago zeuden.
Villabonak irabazi duen azken txapela zerorrek lortu zenuen, Karlos…
K. S.: Enrique Abril Txapelketan izan zen, 1971n. Villabonatik autobusak antolatu ziren Zubietara joateko final hori ikustera. Zoritxarrez geroztik ez dugu txapelketarik irabazi.
Plaza eraberritu berri da. Zer iruditzen zaizue?
I. O.: Berritu da eta oso ondo geratu da. Lurra lehenago lehortzen da, jokatzeko oso ondo dago. Gustura gaude. Denboraldiaren hasiera harrapatu ziguten lanek, baina ezin gara kexatu.
Arkitektoa eta beste langileak Behar Zanako kide garenokin bildu zirenean adierazi ziguten plazak aparkaleku edo jolasleku itxura gehiago zuela, ez zuela Errebote plaza ematen. Erreboteko plazetan dauden detaileak ipini dira, hala nola baldosak izkinetan eta erdian, erreboteko marrak baldosekin markatu dira eta ez pinturaz, iluminazio ezberdinak jarri dira, udaletxe azpiko erakusketa jarri da…
K. S.: 137 urte daramatzagu plaza horretan jokatzen, eta nik uste dut Erreboterako berezia den plaza behar genuela, jendea plazan lasai eser dadin errebote partidak ikustera eta gozatzera.