1969. urteko uztailaren 26a zen. Villabonako 16-18 urte inguruko mutil kuadrilla batek 'Ezkontza' izeneko konpartsa atera zuen kalera, sekretupean eta jai egitarautik kanpo. Kuadrilla hark azaldu duenez, "festarako gogoa eta nahia genituen, eta gazte gisa, transgresio puntua eman nahi genuen konpartsarekin". Kontxita Uranga eta Joxepi Arregi jostunen laguntza jaso zuten konpartsa aurrera ateratzeko. Eduki zuen arrakastarekin, Villabonako Udalak berriro ere errepikatzeko eskatu zien, eta horrela uztailaren 30ean atera zuten konpartsa berriro kalera, "eta ordainean Udalak afaria ordaindu zigun".
Egun handia izaten zen Villabonan Santa Ana eguna. "Villabonatik kanpo bizi ziren bikote ezkonduak etortzen ziren bazkarira, txarangara... Egun oso garrantzitsua izaten zen, eta horrela izaten jarraitu zuen urte askotan". Egun kuadrillen egunak Santa Ana egunak baino indar handiagoa hartu duela gehitu dute.
25. urteurrena
Handik 25 urtera, 1995eko uztailaren 26an, bi pertsonaia berri batu zituzten konpartsara, hala nola apaiza eta aguazila. Hasierako aldi hartan konpartsa osatuagoa nahi zuten, baina "ez zen posible", frankismo garaia baitzen nagusi. Egitarauaren barruan sartu zuten konpartsa, eta txaranga, bazkaria eta afaria ere egin zituzten.
50. urteurrena
Mende erdia geroago, mutil gazte kuadrilla hura elkartu da 'Ezkontza' konpartsa antolatzeko. Bi lagun ez dira egongo. Kotte Esnaola, zendu egin baitzen, eta Emilio Salaberria espetxean dagoelako. "Beste batzuk Villabonatik kanpo bizi dira, baina Santa Ana egunean bertan izango ditugu konpartsan parte hartzeko".
Konpartsak hasieran zuen estilo bera mantendu nahi dute. Hori dela eta, jantziak asko zaindu dituzte, garai hartakoen antzekoak izateko. "Haurraren jantzia orain dela 25 urtekoaren berdina alokatu dugu. Guztiak prest ditugu". Beren poltsikotik jarri dute dirua oinarrizko gastuei aurre egiteko, esaterako, jantziak, kartelak... "Gurea zinemako dorrean pankarta erraldoia jarriko dugu".
Goizetik murgilduko dira festa giroan konpartsako kideak. "Lehenengo aldian Txurrut tabernaren atzealdean dagoen biltegian jantzi ginen, eta aurtengoan ere bertan jantziko gara". Irteera, berriz, eliza atariaren paretik egingo dute. Santiago zaharren egoitza aldera abiatuko dira, eta ondoren Xaldu tabernako biribilgunean noranzkoz aldatu eta berriro ere herri barrualdera joango dira, Kale Berria aldera. "Ondoren, Errebote plazara joango gara, eta handik bazkaltzera Ama Lurra plazara". Goizean zehar Ostolaza, Ale eta Astiasaran trikitilarien konpainian ibiliko dira ibilbide horretan zehar. Bazkalostea, berriz, Pasai txarangaren doinuek alaituko dute. 16:00etatik 21:00ak arte txarangarekin kalejiran ibiltzeko aukera egongo da.
Azkenik, herritarrei konpartsarekin bat egiteko mezua zabaldu nahi diete, bazkarira gonbidatuz, txarangaren doinuekin saltoka eta dantzan arituz egun ederra igarotzeko helburuarekin.