Santioak 2019

Hamar urte eta oraindik justizia eske

Olatz Lasa 2019ko uzt. 31a, 09:00

Santio jaien azken egunean omenaldia egingo zaio Remi Ayestarani; Aurtengoa bere heriotzaren X. urteurrenarekin bat egingo du. Omenaldia Errebote plazan izango da, 20:00etan hasita.

Remiren lagunak eta senideak elkartuta, hauexek Aiurriri eskainitako adierazpenak:

Errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen jarraitzen duzue...

Remi Gogoan: Egun hari buruz gezur ugari esan da, Ertzainak ez zirela festa gunera sartu eta horrelakoak. Herriak ikusi zuen Ertzainak festa gunean egon zirela, eta zer gertatu zen bistakoa izan zen. Ertzainak bidaltzearen agindua eman zuena gutxi gora-behera badakigu nor den, baina inork ez du erantzukizunik bere gain hartu. Urteak joan dira, eta eskatzen jarraitu behar dugu ez delako pausorik ematen. Aitortza Remiri herriak eman dio, baina justizia aldetik eta legalki hutsune handia dago.

Mikel Ayestaran (Remiren anaia): Aitortza aldetik ere esan behar da aurten Eusko Legabiltzarrak onartu duela polizia biktimen legea. Remi ez da lege horretan sartzen. Horrez gain, helegitea aurkeztu dio Ciudadanosek lege horri. Argi ikusten da interesa dagoela polizien biktimak gutxiesteko. 

Gu bigarren, hirugarren, laugarren mailako biktimak gara. Ofizialki Remi ez da biktima eta bide horretan jarraitzen dugu.

Eskerrak eman Egiari Zor fundazioari bide horretan bidelagun dugulako eta beraiek ari direlako borroka aurrera eramaten, guztion izenean.

Familiarentzat bereziki gogorrak izango ziren azken urteak. Zein sentipen duzue egun?

Joxe Joaquin Ayestaran (Remiren aita): Familia ez da ahaztuko. Jendeak ez du gogoan orduan zegoena. Duintasun eta Justizia elkarteak salaketa jarri zuen Madrilen. Garai hartan  Zapatero zen Espainiako presidente eta Rubalcaba barne-ministro. Hemen Patxi Lopez eta Rodolfo Ares zeuden. Sozialisten tartean eman zuten Ertzainak hona etortzeko agindua. Manifestua bidali ziguten, bat niri eta bestea nire emazteari adieraziz: "Eso no tenía que haber pasado".

M.A.: Bidea ez da erraza, baina bide horretan gozagarri eta lagungarri dena da urtero Remi Gogoan ekimenak antolatzen duen ekitaldia. Jende asko biltzen da, herriaren babesa sentitzen dugu eta horrek arindu eta lagundu egiten du. Guretzako ohorea da urtero omenaldia antolatzea eta herritarrek erantzutea.

R.G.: Herriak ez du Remi ahaztu. Pentsaera aldetik ezberdinak diren herritarrek ulertu zuten zer gertatu zen. 

Guk badakigu egia zein den eta zer inpotentzia ematen duen hori ez azaleratzeak. Eraildako bat dago. Horren erreparazioa zaila da, azken lau urteetan bezala, Udalaren babesik ez badugu, min ematen du. Baina hala ere, herriak erantzun egiten du.

Babesa eskatzen zenioten Udalari, eta aurten lortu da omenaldia jai egitarauan sartzea…

R.G.: Gainera, Remi alkateordea zen, lanean zegoen, Udaleko kidea zen. Herrian zegoen ertzainen mugimendua ikusita Remik egoera lasaitu nahi zuen. Bihotzekoak eman zion eta ez dago eskubiderik.

M. A.: Oso garrantzitsua da Udalaren babesa. Alkateordea zen, eta alkate kargua betetzen ari zen momentu hartan. Eskertzekoa da Udalaren babesa edukitzea, eta garrantzitsua ikusten dugu, Remi egiten ari zen lanari errekonozimendua delako. 

Nolakoa izango da aurtengoan omenaldia?

R.G.: Herritarrek egingo dioten omenaldia izango da. Herritik sortutakoa eta herriarentzat. Aurtengoan Errebote plazan ospatuko da omenaldia. Remik beti esaten zuen "plaza bete" egin behar zela. Lehen urtean bete egin genuen, eta aurten ere horrelaxe izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!