Santioak 2019

Hasi dira Santio jaiak!

Amaia Senperena eta Olatz Lasa 2019ko uzt. 24a, 19:51

Aniztasunean Lagun bolondres taldeak jaurti du txupinazoa. Koloretako konfetiak, goxokiak eta baloiak banatu dituzte eta ondoren, erraldoiak, buruhandiak eta ipotxak atera dira plazara eta kalejiran joan dira herrian barrena.

Txupinazo nagusiaren ostean, Onddo Gazte Asanbladako kideek jaurti dute txupinazoa. Onddo Gazte Asanbladako kideek adierazi dutenez, "lan eta lan aritu gara azken hilabeteetan jai alternatibo, herrikoi, feminista eta Onddo hauek aurrera ateratzeko. Autogestioa, lana, borondatea, ilusioa, esfortzua... baina, merezi izan du".

Remi Ayestaran gogora ekarri dute, azpimarra eginez borrokan jarraituko dutela egia argitara ateratzeko eta erantzukizunak hartu ditzaten arte. "Remi zuregatik gaude hemen eta zure grina bizirik mantenduko dugu". Bestalde, adierazi dute Santio jaietan ez dela eraso sexistarik, arrazistarik, homofoborik edo bestelakorik onartuko.

Iluntzean herri afaria izango da Errebote plazan eta gauerdian danborrada Onddo Asanbladaren eskutik. Musikari dagokionean, gaua Bide Batez taldeak girotuko du 01:00etan hasita, Errebote plazan. Ordu berean, 40 urtetik gorakoentzako DJ emanaldia izango da, Txistulari plazan.

Gaztetxearen leku aldaketa
Santio jaietan Errebote plazaren ondoan kokatzen den Pilotari kaleko 2. zenbakian kokatuko da gaztetxea. "Bizilagun batek presio polizialen pean jarri gaitu salaketa eta mehatxu bidez. Argi utzi nahi dugu aldaketa ez dela gure aukera izan, azken bi egunetan hartu beharreko erabakia izan da. Barkamena eskatu nahi dugu aldez aurretik leku aldaketak sortu ditzakeen molestiengatik", azaldu dute Onddo Gazte Asanbladako kideek.

Villabonako Udalak dioenez Kale Nagusiko lokalak ez ditu kontzertuak ospatzeko segurtasun baldintza minimoak betetzen. Horregatik gaztetxea Pilotari kaleko lokalera behin-behinekoz igarotzea proposatu du.

Gaztetxeko kideek eskerrak eman dituzte azken egunetan auzolanean gaztetxea lekuz aldatzen lagundu dutenei. EH Bilduren udal gobernuari ere eskerrak eman dizkie emandako laguntza eta baliabideengatik.

Erlazionatuak

Santio jaietako txupinazoa bideoan

Olatz Lasa eta Amaia Senperena 2019 uzt 24 Amasa-Villabona

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!