Udalaren balorazioa:
Jai giroak eta alaitasunak hartu ditu Villabonako kaleak, parte-hartze handia izan duten 2019ko Santio jaietan
Lehenik eta behin, udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu Santio jaietan mota guztietako ekintzak antolatzen eta aurrera eramaten lanean aritu diren herritar norbanako eta elkarte guztiei. Jaien aurkezpenean aipatu zen bezala, borondatezko lana egiten duten ehunka herritarren ekarpenik gabe, egun ezagutzen ditugun Santio jaiak ez lirateke posible izango. Zorionez Santio jaiak, jai herrikoi eta parte-hartzaileen eredu ederra izaten jarraitzen dute.
Hainbat arrazoi direla medio, udalak jaien balorazio oso positiboa egiten du.
Aurtengoan ez dugu inolako eraso sexistaren edo matxistaren berririk izan, ez da salaketarik jarri. Horrek ez luke albistea izan behar, baina zoritxarrez berri pozgarria dela aipatu beharrean gaude. Zentzu horretan, herriko mugimendu feministak egindako lana azpimarratu eta txalotu nahi dugu.
Bestalde, ez da garrantzia handiko gertakari tamalgarririk izan. Neurri handi batean saihestezinak diren liskar, lapurreta txiki eta hiri altzarien kontrako eraso gutxi batzuk gertatu dira baina zorionez ez dute ondorio larririk izan.
Egitarauan jasotako ekintza guztiak aurrera atera dira. Eguraldiak hainbat ekintza lekuz aldatzera edo aldaketa batzuk egitera behartu badu ere, aurreikusita eta antolatuta zeuden ekimen guztiak burutu dira. Aipatzekoak dira eguraldi txarrari aurre eginez, besteak beste "Ezkontza" konpartsak eta "Santiotan Kantari" kantujirak izan zuten arrakasta eta parte-hartze zabala.
Ezin ditugu aipatu gabe utzi udal langileak; garbiketa lanetan aritu direnak, udaltzainak, kultur teknikariak... lan bikaina egin dute.
Esan bezala, udalak lehen balorazio positiboa egiten du baina ez dagokio udalari Santio jaien balorazioan gehiago sakontzea. Gogorarazi nahi dugu Santio jaiak Jai Batzordeak antolatzen dituela eta ondorioz, batzorde horri dagokiola jaien balorazio zehatzagoa egitea. Garrantzitsua izaten da jai eta gertatutakoaren azterketa egitea, gehienbat datozen urteetarako irakaspenak ateratzeko eta guztion artean hobetzen joateko. Helburu horrekin, irailean Jai Batzordearen balorazio bilera bat egingo da.