Josu Amezagak euskal kulturaren kontsumoan jarri zuen begia. Ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko euskal kulturaren plan baten beharra azpimarratuz: "erakundeek errepideak jartzen dituzte, motorea gizarteko norbanakoek dute; baina ezin da jendearen gainean ardura guztia jarri. Eskaerari erantzun ez ezik, eskaintza handitu ere egin behar da, eta, alde horretatik erakundeek jarrera proaktiboagoa beharko lukete. Ez da bakarrik errepideak jartzera mugatu behar”.
Iratxe Retolaza ere bat etorri zen ideia horrekin, euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan aritu zenean: “Bezeroak ez du nahi hori horren aitzakian, ez da kontuan hartzen hartzaileak ere eraiki egiten direla. Kultur agenda osatzea da politika hedatuena egun, eta programazio horiek osatzeko koordinazioa eta gizarteratze ekimenak falta dira". Bestalde, besteak beste, kultur sortzaileen arteko esperientzia kolektiboak eta diziplinartekotasuna ere bultzatu behar direla azaldu zuen Retolazak Kultur sorkuntzaren transmisioa: ajeak eta erronkak hitzaldian, "kultur eragileen arteko sinergiak sortu eta kultur komunitatea trinkotzeko".
Harkaitz Zubirik kultur sorkuntza arrakastatsua izateko gakoetako zenbait aipatu zituen eta bertsolaritzan jarri ikusgai: "kultur sorkuntza funtsean da existitzen diren osagaiak hartu, jabetu, birkonbinatu, zerbait ekoitzi eta ekoizpen horrekin jendea liluratzen saiatzea eta horretan norbanakoak garrantzia handia dauka. Interakzio-negoziazio bat dago bertsotan ekoizlearen eta hartzailearen artean, eta horrek ekoizpena bera aberasten du. Espazio anitz eta berdinzalea garatu da hori gertatzeko”.
Mahai-inguruan solasean aritu ziren gero hizlariak. "Bertsolaritzarena ez da kasualitatea. Lan egin da: sustapenean, hezkuntzan, ikertegian, dokumentazioan... beste sektore batzuetan ere ez litzateke ikuspegi horrekin lan egin beharko? Plan baten beharrarena hortik diot, eta gutako bakoitzak zein ekarpen egin dezakeen gogoetatuta", aipatu zuen Amezagak. Horretarako, "oso garai onean" gaudela aipatu zuen Zubirik "datuak biltzeko eta nahi dugun horretara bideratuta lan egiteko", eta Retolazak gehitu zuen informazioaz gain, giza baliabideak ere badaudela, nahiz eta horiek saretzea falta den, eta hori ere beharrezkoa izan, "bestela, esperientzia metatu asko galduko da". Euskal kultura kontsumitzeko komunitatea trinkotzea bai, baina komunitate hori zabaltzearen garrantzia ere azpimarratu zen, izan ere, "euskaldun batzuek gero eta gehiago kontsumitzen dute euskaraz, baina kontsumitzaile kopuru hori ez da igo".