Oriamendi, Errota eta Arroa auzoetan ur-hornikuntza sarea eraberritzeko lanak hasi dira

Aiurri 2019ko abu. 23a, 09:38
Legarretako zubiaren ondoan egindako berrikuntza lanak.

Amasa-Villabonako Udaleko kideek azaldu dutenez, lan hauek Gipuzkoako Ur Kontsortzioak (Gipuzkoako Urak) burutuko ditu, guztira 20 astetako (5 hilabete) iraupena izango dute eta 390.448,85 euroko aurrekontua dute.

Villabonako Oriamendi, Errota eta Arroa auzoetako ur-hornikuntzarako hoditeria aldatu eta hodi berriak ezartzeaz gain, saneamendu sarean ere hobekuntzak egingo dira. Gaur egungo hoditeria guztiz zaharkitua dago eta ur galerak eta beste hainbat arazo sortu dira, beraz, eraberritze lan hauek erabat beharrezkoak dira. Guztira 1.473 metroko luzerako hoditeria aldatuko da.

Dagoeneko Legarreta (Sacem-go) zubian egin beharreko lanak bukatu dira, zubi horretan egiten ari diren zabaltze lanak baliatuta.

Obra edo lan hauek, saihestezinak izango diren hainbat traba eta arazo sortuko dituzte, izan ere zanja edo lubakiak egin beharko baitira aipatutako hiru auzoetan. Gehienbat errepide alboko espaloietan egingo dira lubakiak eta espaloi hauen zabalera handia dela eta, arazoak ez dira horren larriak izango.

Udala etengabeko harremanetan dago Gipuzkoako Urak-eko arduradunekin eta lan honen gidaritzarekin, beti ere, ahal dugun neurrian herritarrei eragingo dieten traba edo arazoak murrizteko helburuarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!