Euskara ikastaroetan izena emateko epea zabalik

Aiurri 2019ko ira. 3a, 14:16

Irailaren 2tik 27ra euskara ikasi nahi duenak aukera izango du izena emateko Villabonako Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (Zuretzat bulegoan).
Maila guztietako ikastaroak eskainiko dira, goizez eta arratsaldez, Villabonan eta Zizurkilen: AISA ikastaroak etorkinentzat, A1, A2, B1, B2, C1 mailak eta gurasoentzako ikastaroak ikastetxeetan, haurrak eskolan dauden bitartean. Ikastaroak emateaz Andoaingo AEK arduratuko da.

Doakoa
Villabonako Udalak jakinarazi duenez, euskara ikasi nahi duen herritarrak ikastaro bukaeran dirulaguntza jasotzeko aukera izango du. Horrela, B2 maila lortu arte, hau da, oinarrizko komunikazio maila izan arte, euskara ikastea DOAKOA izango du herritarrak, matrikularen %100 jasoko baitu baldintza guztiak betez gero, eta C1/C2 mailak eginez gero, %75a.

Euskara ikastaroei buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Villabonako Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzura dei dezakezue 943 692100 telefonora, edo Euskara Zerbitzura 3329 luzapenera. Bestela, euskara@villabona.eus helbidera ere mezu bat bidal dezakezue.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!