"Egunero entrenatzea da gogorrena, lasterketa eguna festa eguna da"

Donostiako Sudur krosean, lehenengo postuan helmugaratuta. Argazkilaria: Eneko Garin Arrastoa.

Aritz Garin Arrastoa korrikalari billabonatarrari bere azken urteotako ibilbidearen nahiz bestelako zaletasunen inguruko elkarrizketa egin zaio Aiurri hamaboskarian. Jarraian duzue elkarrizketaren hasiera. Osorik irakurri nahi duenak irailaren 4an banatu zen aldizkarian aurkituko du.

Oso gaztetxotan hasi zinen korrika eta, tarteak tarte, gaur arte!
12 urterekin hasi nintzen korrika. Orduan pilotan ibiltzen nintzen eta gustura, baina 13-14 urterekin, pilota gogorrarekin hasi ginenean, eskuetatik dezente sufritzen nuen eta 15 bat urterekin utzi egin nuen. Orduan, 16-17 urtera arte ibili nintzen korrika. 18tik 21era, unibertsitate garaian ere jarraitu egin nuen, baina tarteka. Gero, lau urteko etena egin nuen eta 2014an ekin nion berriro. Hainbeste urte utzita egon ondoren, pixkanaka hasi nintzen, bi egunetik behin entrenatuz. 2016tik hona egunero ibiltzen naiz. Azken bi urteetako emaitzak horregatik izan dira hobeak. Progresio bat izan da. Hasi nintzenean banekien lau bat urte beharko nituela nik nahi nuen mailan jartzeko.

Korrikalariz inguratuta hazi zara etxean. Odoletik al datorkizu korrikarako zaletasuna?
Bai. Sei urterekin, Juan Mari Garin osabaren karrerak ikustera eramaten ninduen aitak. Asteburuetako plana haien karrerak ikustera joatea izaten zen. Etxetik datorkit afizioa, bai. Familia-bazkarietan eta ez genuen beste konturik izaten; aspaldiko karrerak, osabenak... Eta noski, gustatu ere egiten zait. Norberak gustatuta ibili behar du korrika, egiten ditudan ia entrenamendu guztiak bakarrik egiten baititut.

Zer ikasi duzu etxean entzundako kontuetatik?
Haien bizimodua desberdina zen. Etxetik korrika joaten ziren eskolara eta baita bueltan bazkaltzera ere, goizez eta arratsaldez berdin. Gu baino bizimodu gogorragoa izan zuten haiek. Guk erraztasun handiagoak dauzkagu eta entrenatzea kosta egiten bada ere, garai batean gogorragoa zen. Hala ere, guk baino emaitza dezente hobeak lortzen zituzten. Gure aurrekoak zailduagoak zeuden, nik uste.

Gogoan izango duzu lehenengo lasterketa...
Lehenengo froga serioa 2000 urtean izan zen. Anoeta estadioan helduentzako Nazioarteko Mitina antolatzen zuten eta Milia bat sortu zuten umeentzat, 1.600 metroko lasterketa. Bi egunetan izan zen, lehenengo egunean sailkapena eta bigarrenean finala. Finalera pasa eta bigarren geratu nintzen. Han izan nuen lehenengo esperientzia. 12 urte neuzkan.

Asko etorri dira geroztik...
2016an ia egunero ibiltzen hasi nintzen eta 2017an nahikoa emaitza onak lortu nituen. Pare bat karrera irabazi nuen eta bigarren ere dezentetan geratu nintzen. Bigarren gehiagotan, lehenengo baino. Herri lasterketatan hartzen dut parte gehienbat, Gipuzkoa mailan.
Inguruan aukera handia dagoenez, normalean ez naiz kanpora joaten. Iaz nahiko ondo ibili nintzen, baina aurten hobeto.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!