Errekortaria, behiaren aurrean arin eta azkar

Ainhoa Arozena 2019ko ira. 21a, 08:22
Ander Lizarralde, uztaia behiaren adarrean sartzen. Argazkia: Sonia eta Marta.

Ezohiko zaletasuna du Ander Lizarralde Casamayor billabonatarrak. Errekortaria da eta uztaien modalitatean aritzen da, behiari ahalik eta uztairik gehien adarretan sartzen. Emaitza bikainak lortu ditu udan; Zaragozan jokatuko den Espainiako Txapelketako finalera begira jarrita dago orain.

Jarraian, irailaren 20ko Aiurri hamaboskarian argitaratu den erreportajearen hasiera. Osorik irakurri nahi duenak, paperekoan aurkituko du.

Oso gaztetxotan, 12-13 urte  zituela hasi zen Ander Lizarralde billabonatarra txahal eta zezen txikien aurrean korrika. Gerora, zezenei izkin egiteari ekin zion, izkingile edo errekortari bezala. Uztai izkingilea da egun.
Errekortari lanetan, bi modalitateak probatu ditu, beraz; errekorte librea batetik, "banaka egiten dena; zezenaren aurrean jarrita jauziak eta errekorteak eginez edo zezena saihestuz", eta uztai errekortariarena bestetik, "bi lagunen artean behiari ahalik eta uztai gehien adarretan zintzilikatzea helburu duena". Bigarren modalitate horretan dabil buru-belarri Ander Lizarralde azken urteotan, Joanes Balenziaga azkoitiarrarekin batera. 
Txapelketatan, hiru minutuko denbora izaten dute behiaren adarretan ahalik eta uztai gehien sartzeko. Bi lagunen artean moldatzen dira, bata behia kokatzeaz arduratzen da, bestea behiari izkin egin eta abiada bizian uztaia jartzera abiatzen den bitartean. "Ez da erraza, baina hiru minututan ahalik azkerren eta ondoen egiten saiatzen gara", dio. 

Behiak, finagoak
Zehaztapen gisa, behien adarretan sartzen dituzte uztaiak, ez zezenenetan "normalean behiekin ibiltzen gara. Azken batean, zezenak baldarragoak dira, behiak finagoak eta buruz ere argiagoak. Ikuskizunari begira ere, hobea da behia. Zezenak errazago engainatzen dira, baina harrapatzen bazaituzte, astindu ederra emango dizute!", argitu du. Uztai errekortarien saioetara ganaduzaleek behi onak ekartzen dituztela ere gehitu du, "uztaietarako behiak ganaduzaleen onenak izaten dira; asko baloratu eta maitatzen dituztenak. Guk ere ondo zaintzen ditugu".

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!