Txakolin, txakolin... Txakolinak on egin

Ainhoa Arozena 2019ko ira. 22a, 09:25

Ainhoa Gabarain, Daniel Claudiu Mesesan, Euken Jauregi eta Ainhoa Kortajarena, Hika txakolindegiko langileak. Argazkia: Hika.

2013. urtean landatu zituzten lehen mahatsondoak Arratzaingo zelaietan. Sei urte geroago, zazpi hektareako mahastia dute Hika txakolindegiaren inguruan eta proiektua sendotuz ari da. Txakolin zuriaz gain, gorria ere dasta daiteke bertan eta bidean dute, besteak beste, aparduna.

Jarraian, irailaren 20ko Aiurri hamaboskarian Hika txakolindegiaren inguruan osatutako erreportajearen hasiera irakur daiteke. Osorik irakurri nahi duenak, aipatu aldizkarian aurkituko du.

Aurtengo mahats bilketari epe laburrean ekingo diote Amasako zelaietan eta eguraldiari begira jarrita daude Hika txakolindegiko kideak, "bilketaren aurreko azken hamabost egunak erabakigarriak dira, eguraldi txarrak uzta guztia baldintza baitezake. Chardonnay mahatsa bilduko dugu lehenik, euriak bustitzen badu, ur zaporea hartzen baitu. Gure asmoa, irailaren 22an Chardonnay mahatsa biltzen hastea da. Mahats bilketa hori eskuz egingo dugu, baina Hondarribi Zuri mahats mota mekanikoki bilduko dugu lehenengoz", iragarri du Hika txakolindegiko kudeatzaile Ainhoa Gabarainek. Orain artean eskuz egin dute bilketa guztia, baina Hondarribi Zuri mahats asko dutenez, makinen laguntzaz proba egin nahi dute. Txakolindegiko azpialdeko sailetan egingo dute bilketa, gainaldeko lurretan, oraindik hazten ari baitira mahatsondoak, "maiatzean egin genuen landaketa eta bi edo hiru urte itxaron beharko da mahatsa ondo etorri arte, ardoa egiteko baldintza onak izan ditzan". Chardonnay mahatsarekin amaitu ondoren, Hondarribi Zuria jasoko dute irailaren 29an. Laguntzaile ugari gerturatzen zaie bilketarako eta lanaren ondoren, elkarrekin bazkaldu eta afaldu ohi dute.

Hondarribi Zuria, nagusiki
Txakolin fin eta edan atsegina izatea da Hika txakolinaren ezaugarria. Getariako jatorri izendapeneko txakolina da eta, ondorioz, Hondarribi Zuri mahatsarekin egiten dute %80an, baina Chardonnay mahatsa ere nahasten die eta horrek leuntasuna gehitzen dio emaitzari. Txakolin zuriarekin batera, ordea, iaztik gorria ere eskaintzen dute. Baina esan dugunez, oraindik heldu gabe dagoenez, ezin dute euren sailetan landatutako Hondarribi Beltza mahats mota erabili txakolin gorria egiteko; erosi egiten dute mahats gorria horretarako. "Mahatsa erosteagatik, ordea, muga bat dugu eta gehienez 3000 botila kalera ditzakegu. Mahasti berrian, beraz, Hondarribi Beltza mahats mota ere landatu dugu; aurrera begira txakolin gorriaren botila gehiago merkaturatu ahal izateko". Ohiko txakolinaren ondoan, txakolin gorriak ere harrera beroa duela azaldu du Hikako kudeatzaileak, merkatuan halako askorik ez dagoelako, "txakolin gorria kaleratu eta berehalakoan agortzen da, txakolindegi guztietan gainera. Guri esaterako, eskaera handia egin digute aurten Japoniatik eta hara joango da zati handia".

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!