100 urte bete dituzten herritarrak omendu ditu Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2019ko urr. 1a, 14:31

Emakumeak dira hirurak: Maria Jesus Lopez Egiluz, Dolores Mateos de Iglesia eta Juana Arregi Zalakain. Arrosa bat eta negua goxo-goxo igarotzeko manta oparitu diete hirurei, Adineko pertsonen nazioarteko egunean.

Eguerdian joan dira hiru emakumeren etxeetara Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Arantxa Lopez zinegotzia. Dolores Mateos de Iglesiaren etxera joan dira lehenik. 100 urte bete zituen maiatzaren 14an.

Ondoren, Maria Jesus Lopez Egiluz bisitatu dute. Bera da billabonatarrik zaharrena; 104 urte beteko ditu abenduaren 24an, hain zuzen.

Azkenik, hiruretan gazteena denarengana joan dira, Juana Arregi Zalakainengana. 100 urte beteko ditu urriaren 12an. Iloba eta familia alboan izan ditu udaleko ordezkarien bisitan.

Irribarretsu eta eskertuta hartu dute hirurek omenaldia, eta beren ume nahiz gazte garaiko kontuez eta pasadizoez hitz egin dute elkarrekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!