Lehen pausoak eman dituzte Ibilian programaren baitan

Ainhoa Arozena 2019ko urr. 10a, 13:26

Ibilian programa aurkeztu dute gaur goizean Errebote plazan, aurrez landutako programa berreskuratu eta hainbat eragilerekin abian jarriz. Programaren helburu nagusia pertsona helduen osasuna hobetzea da eta horretarako herriko eta inguruko eragileen laguntza ezinbestekoa izan dela nabarmendu du aurrkezpen ekitaldian hitza hartu duen Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak. 

Beatriz Unzue alkatearekin batera, aurkezpen ekitaldian izan dira Arantza Lopez gizarte zerbitzuetako zinegotzia eta programan parte hartu duten elkarteetako ordezkariak ere: Ernoibea BHI, Zubimusu ikastola, Salbadora jubilatuen elkartea, Santio egoitza, Matia fundazioa, Goxara laguntza-zerbitzuak, Uliazpi (Adimen urritasuna duten pertsonak), Osakidetza eta Olaederra kiroldegiko kideak.

Pertsona helduen osasuna hobetze aldera, beraz, ostegunetan egingo dituzte ibilaldiak, goizeko 11:00tan Errebote plazatik abiatuta. Lau ibilbide diseinatu dituzte guztira, parte hartzaileen beharretara egokituta eta nahi duten herritar guztiei parte hartzeko aukera eskainiz.

  1.  350 metro: Errebote plaza-Sacemgo zubia.
  2.  1100 metro: Errebote plaza-Tanatorioa.
  3.  825 metro: Errebote plaza-Burnizubia.
  4.  1240 metro: Errebote plaza-Adunako zubia.

Pertsona helduen osasuna hobetzeaz gain, belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko harremana sustatu eta lagunartean egoteko aukera eskainiko dela jakinarazi du Beatriz Unzue alkateak. "Zure oinetan dago!' lelopean, zenbait irizpide partekatu nahi izan dira programa honetan parte hartuko dutenekin. Ahal izanez gero, arin samar ibiltzea, oinetako egokiak erabiltzea, ibilaldian zehar ura edatea eta inguruneaz gozatzea dira irizpide orokor horiek".

Elkarlanean garatuko den proiektua
Esan bezala, Amasa-Villabonako Udalak abian jarritako ekimena izan arren, herriko eta inguruko hainbat eragileren lankidetza ezinbestekoa izan dute programa gauzatzeko. Amasa-Villabonako Santio egoitza, Salbadora jubilatuen etxea, Zubimusu ikastola nahiz Erniobea BHI institutuko kideek hartuko dute parte ekimenean. Baita Goxara laguntza-zerbitzuak, Matia fundazioa, Osakidetza, Uliazpi  eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak ere.

Udalaren izenean eskerrik beroenak luzatu dizkie Beatriz Unzue alkateak elkarte guztietako ordezkariei, "programa hau berriro ere martxan jartzeko erakutsitako prestutasunagatik". Besteak beste, DBHko ikasleek zuzenean hartuko dute parte ekimenean. "Modu horretan, Zubimusu eta Erniobea ikastetxeetako DBHko ikasleak Santio egoitzara joango dira ibilaldiak egitea animatzen diren helduak jasotzera eta haien ondoan egingo dituzte ibilaldiak. Udalak ikastetxeek ekimen honetan parte hartzeko eduki duen konpromisoa txalotu nahi du", adierazi du Beatriz Unzue alkateak.

Aurkezpenaren ondoren, Ibilian programako lehen ibilaldia burutu dute. Gaurkoan, Erniobea institutuko gazteak arduratu dira adineko pertsonak laguntzeaz. Zubimusukoak izango dira hurrena, txandaka banatuko baitute euren ardura.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!