Ander Lizarralde, Espainiako Uztai Errekortarien Txapelketako irabazle

Ainhoa Arozena 2019ko urr. 14a, 20:10

Igande eguerdian Zaragozako zezen-plazan jokatu zen Uztai Errekortarien Espainiako Txapelketan, bi euskaldunek osatutako bikotea izan zen garaile lehenengoz. Ander Lizarralde billabonatarrak eta Joanes Balenziaga azkoitiarrak osatutako bikotea, hain zuzen. Pozarren hitz egin du billabonatarrak.

Finalera pasatzeko aukera agian bai, baina finala irabaztea nahiko urruti ikusten zutela adierazi du Ander Lizarraldek, Zaragozako Espainiako Uztai Errekortarien Txapelketako finalera abiatu zirenean. “Baina gauzak ondo atera ziren eta oso pozik gaude”, azaldu du. Hamaika bikotek hartu zuten parte lehen errondan eta behiaren adarretan zazpi uztai sartzea lortu zuen bikote gipuzkoarrak. Finalera igarota, berriz, hiru bikote aritu ziren lehian eta, orduan, Lizarralde eta Balenziagak behiaren adarretan hiru uztai sartzea lortu zuten. Modu horretan, Uztai Errekortarien Espainiako Txapelketa irabazi zuten igande eguerdian Zaragozako zezen-plazan jokatu zen finalean. Harmailak jendez gainezka zeudela, ingurukoen babes eta txalo zaparrada jasoaz, lorpenik handiena eskuratu zuen Villabona eta Azkoitiako errekortari bikoteak; txapelketa irabazteaz gain, bikote onenaren saria ere eskuratu zutelarik.  “Urte borobila izan da aurtengoa; helburu guztiak bete ditugu: Iruñeako Sanfermiñetako Uztai Izkingileen Txapelketa irabazi genuen aurrena eta Espainiako Txapelketa gero. Ezin dugu gehiago eskatu”, aipatu du pozarren Lizarraldek, oraindik lortutakoa sinetsi ere egiten ez duela.

Eskuratu nahi zuten emaitza eskuratuta, beraz, atseden pixka bat hartuko dute orain bi errekortariek eta gero, berriz ere indartsu jarraituko dute aurrera.

*D. Lopez Alemanek ateratako argazkiak Anderrek berak utzitakoak dira. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!